Politika -

Auzitegi Nazionala

FARCeko 9 kide galdekatzea agindu dute, ETAko kideak identifikatzeko

Eloy Velasco epaileak Kolonbiara joatea agindu dio Poliziari, eta ETAren Imanol taldeko ustezko kideen deklarazioak eskatu ditu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak Kolonbiara joatea agindu dio Espainiako Poliziari, FARCeko bederatzi gerrillari ohi galdekatu eta ETArekin ustez zituzten harremanak argitzeko. Hain zuzen ere, ETAko ustezko kideen argazki berriak erakutsiko dizkiete, identifika ditzaten.

Gerrillari ohietako sei jada galdekatu zituzten Espainiako Segurtasun Indarrek. Bederatziek uko egin diote ''borroka armatua''ri, eta Kolonbiako Gobernuaren birgizarteratze planarekin bat egin dute.

Velascok Xabier Atristain eta Juan Carlos Besance ETAren Imanol tadeko ustezko kideen deklarazioak eskatu dizkio Ismael Moreno epaileari, Venezuelan trebatu zituztela ziurtatu baitzuten.

Epaileak beste eskakizun bat egin du: ''Mono Jojoy'' FARCeko buru militar ohiaren ordenagailuan atzemandako informazioa igortzea. Gerrillaren buruzagi ohia irailaren 23an hil zuen Armadak, bonbardaketa batean.

Iturri juridikoek azaldu dutenez, orain arte galdekatu dituzten sei gerrillari ohiek Jose Maria Zaldua Corte ETAko kidea identifikatu zuten, eta FARCekin hartu-emanak izateko Venezuelara joan zenetako bat izan zela gaineratu zuten. Zaldua Corta irailean hil zen, Frantzian.

Martxoan, Auzitegi Nazionaleko epaileak ETAko bost ustezko kide eta FARCeko sei atxilotzea agindu zuen.

Bi lekuko babestu

Halaber, Eloy Velascok bi lekuko babestu deitu ditu azaroaren 15erako, herri akusazioak (Terrorismoaren Biktimen Elkartea eta Plataforma Democratica de Venezolanos taldea) eskatuta. Antza denez, fiskal ohi bat eta militar ohi bat dira, eta ETAren eta FARCen arteko balizko harremanei buruzko informazioa emango dute.

AEBetan bizi den fiskal ohi venezuelar batek ere deklaratzea eskatu du, eta bere nagusiek ETAko kideentzat onuragarri ziren erabakiak hartzera behartu zutela deklaratu nahi du. Seguru asko, bideokonferentziaz egingo du agerraldia.&' || 'nbsp;

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea