Politika -

Kataluniaren independentzia

Espainiako Gobernuak 155. artikulua ezarriko du Katalunian

Katalunian Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua ezartzea onartu du Senatuak, PP, PSOE, Ciudadanos, UPN, Foro Asturias eta Coalicion Canaria alderdien babesarekin.

Senatuak onartu egin du 155. artikulua ezartzea Katalunian

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Senatuak onartu egin du Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua ezartzea Katalunian eta, beraz, Espainiako Gobernuak duela egun batzuk iragarritako salbuespeneko neurriak aplikatzeko baimena dauka jada.

PP, PSOE, Ciudadanos, UPN, Foro Asturias eta Coalicion Canaria taldeek babestu dute Espainiako Gobernuaren ekimena Senatuan egindako osoko bilkuran. Unidos Podemos, ERC, PDeCAT, EAJ, EH Bildu, Compromis eta Nueva Canaria taldeak, ostera, kontra agertu dira. Hortaz, aldeko botoak 214 izan dira eta aurkakoak 47.

Bozketa egin aurretik, Jose Montilla eta Xisco Antich senatari sozialistak (Kataluniako eta Balearreko presidente ohiak) Ganberatik atera dira eta, beraz, ez dute botorik eman.

Gauzak horrela, Espainiako Gobernuak ahalmena izango du, besteak beste, Carles Puigdemont Generalitateko presidente kargutik kentzeko, Kataluniako Parlamentuaren eskumenak murrizteko eta Esquadra Mossoen kontrola bere gain hartzeko.

Senatuak 155. artikulua ezartzeko oniritzia eman ostean, Rajoyk ministro kontseiluaren ezohiko bilera deitu arratsalde honetarako (18:00), Katalunian ezarriko dituen salbuespeneko neurriak onartzeko asmoz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken ordukoa Politika Kataluniaren independentzia Espainiako Gobernua Gaurko azken ordukoa