Politika -
Agiri batean
ETAren kontrako manifestazioa proposa dezala eskatu dio PSEk Urkulluri
José Antonio Pastor bozeramaile sozialistak iragarri du "aztertu" egingo luketela EAJrekin batera manifestazio bat egitea.
Erredakzioa
Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak ETAren kontrako manifestazio bat dei dezala proposatu dio gaur Iñigo Urkullu EAJren presidenteari, buruzagi jeltzaleak eskakizun hori Adierazi EH plataformari egin eta egun batera.
Talde horrek deitu zuen Auzitegi Nazionalak debekatutako irailaren 11ko manifestazioa, eta EAJk ez zuen babestu. Gero, beste bat deitu zuen iragan larunbaterako, eta ordun bai, EAJk parte hartu zuen, baina protesta amaierako ekitaldian egin zuten hitzaldia salatu du Urkulluk "mingarria" izan zelakoan.
Atzo, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak bizitzeko eskubidea "beste guztien aurretik" jarri eta ETAren kontrako manifestazio bat dei zezala galdegin zion Adierazi EHri.
Pastorrek prentsa-agiri batean azaldu duenez, "ondo dago ezker abertzaleari, sinesgarria izan dadin, ETAren kontrako manifestazio bat eskatzea, baina EAJk bere aldetik ere egin dezake, Batasunaren oinordekoek zer pentsatuko duten jakin arte itxaron beharrean".
Bozeramaile sozialistak iragarri du PSE-EEk "aztertu" egingo lukeela EAJrekin batera manifestazio bat egitea, Urkulluk "ekimena hartzen badu eta Egibarrekin ados jartzen bada".
"Aukera ona izango litzateke Urkulluk, behingoz, EAJren lidergoa hartzeko, baina aurretik PSErekin eta Jaurlaritzarekin ala Batasunaren oinordekoekin batera Egibarrek Gipuzkoan proposatu duen fronte abertzaleaz hitz egin nahi duen argitu beharko du", gaineratu du.
Pastorrek hitz horiek izan ditu "Batu Gaitezen" Egibarrek larunbatean aurkeztu zuen dokumentuaz. Bertan, euskal gizartearen erabakitzeko eskubidea, giza-eskubideen defentsa eta abertzaleen batasuna aldarrikatzen dute "PSE-PP frontea udaletan eta aldundietan" errepika ez dadin.