Politika -
KATALUNIA
Independentziaren aldekoak % 48,3 dira Katalunian; kontrakoak, % 43,6
Hala dio CEO Iritzi Ikerketen Zentroak urriaren 16tik 29ra egindako azken inkestak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Azken aldian hazi egin da Kataluniako independentzia babesten dutenen kopurua eta baiezkoaren aldekoak (% 48,7) ezezkoaren aldekoak (% 43,6) baino gehiago dira, Generalitatearen menpeko CEO Iritzi Ikerketen Zentroak gaur argitaratutako inkestaren arabera.
Aurreko barometroan, urriaren 1eko erreferendumaren aurretik ekainean argiratutakoan, ezezkoa nagusitu zen (% 49,4) baiezkoaren gainetik (% 41,1).
2016ko azaroko inkestan bi aukeren arteko berdinketa teknikoa izan zenetik, ezetza nagusitu zaio baiezkoari CEO Iritzi Ikerketa Zentroak independentziari buruz egindako azken hiru barometroetan.
Urriko inkestan Katalunia Estatu independente izatea nahi duten galdetu diete parte-hartzaileei, eta % 48,7k baietz erantzun dute; % 43,6k, ezetz, eta % 7,8k ez daki edo ez du erantzun.
Azken hauteskundeetan Junts pel Siren boto emaileen % 97,2k, CUPen boto emaileen % 93,3k eta Catalunya Si Que Es Pot koalizioaren % 30,4k independentzia babesten dute.
Aldiz, Ciudadanosen boto emaileen % 98,8, PPCko boto emaileen % 91,7, PSCko boto emaileen % 87,4 eta Catalunya Si Que Es Poteko boto emaileen % 55,7 independentziaren kontrakoak dira.
Inkesta urriaren 16tik 29ra bitartean egin dute eta guztira 1.338 elkarrizketa egin dituzte, CEO Iritzi Ikerketen Zentroaren fitxa teknikoaren arabera.