Politika -

Euroagindua

Garikoitz Ibarluzea aske utzi du Britainia Handiko Justiziak

Ibarluzea martxoaren 14an atxilotu zuten Scotland Yardek. Kale-indarkeria hiru deliturengatik atxilotzeko agindua eman zuen Auzitegi Nazionalak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datozen orduetan Garikoitz Ibarluzea aske geratuko da, Britainia Handiko epaile batek Auzitegi Nazionalak igorritako euroagindua atzera bota eta gero, Askatasuna euskal presoen erakundeak jakitera eman duenez. Ibarluzea kale-indarkeria delituetan ustez parte hartzeagatik estraditatzea eskatu zuen Espainiako Justiziak.

Ibarluzea martxoaren 14an atxilotu zuten Scotland Yardek zirkulazioaren ohiko kontrol batean. 2001eko azaroaren eta 2002ko martxoaren artean kale-indarkeria hiru delitu egitea egotzita atxilotzeko agindua eman zuen Auzitegi Nazionalak.

Lehenago, 2002ko azaroan, atxilotu eta espetxean sartu zuten, baina bost hilabete gero bermepean aske geratu zen. 2006az geroztik bilatzeko eta atxilotzeko agindua izan zuen, kale-indarkeria zenbait akusaturen aurkako epaiketa batera aurkeztu ez zelako.

Herrizaingo Saileko funtzionario baten ibilgailuan eta Dulantziko Postetxean lehergailuak jartzea egotzita, eta Tolosatik gertu molotov koktel batzuk autobus baten aurka jaurtitzeagatik, 48 urteko espetxe-zigorra eskatu zuen fiskalak.

Ibarluzearen aurkako euroagindua atzera bota zuen Londreseko auzitegiak abuztuaren 12an, estradizio eskakizunak akatsak zituela argudiatuta, baina fiskaltzak erabakia errekurritu zuen Espainiaren izenean. Azkenean arrazoia akusatuari eman dio Justiziak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea