Politika -

Katalunia

Junqueras: 'PSC PPri emanda ez balego, ez ginateke preso egongo'

Kartzelan sartu osteko iritzi artikulu batean azpimarratu duenez, orain "batuta" jardun behar dute alderdi eta elkarte subiranistek.

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde kargugabetuak 155. artikulua ezartzeko PPk PSOE/PSCren aldetik jasotako laguntza eta "konplizitatea" salatu ditu gaur ARA egunkariak kaleratutako iritzi artikulu batean, kartzelan lehen gaua eman ondoren.

"Lan egin dezagun askatasuna irabazteko" izenburuko artikuluan, Kataluniako egoera politikoaren inguruko gogoeta egin du ERCko buruak, eta galdera bat egin du: "Posible izango litzateke 155a PSOEren eta PSCren erabateko konplizitate barik?". Ezezkoan dago Junqueras: "PPri gorputza eta arima eman izan ez balizkio, gutako bat bera ere ez ginateke preso egongo. Jordi biak ere ez". Kataluniako sozialistek "errepresioaren, askatasun eteteen, erakundeen likidazioaren eta kartzelaren aldeko hautua egin dute", deitoratu du Junquerasek.

Halaber, independentziaren aldeko alderdi eta erakundeei "batuta" jarduteko deia egin die. "Defenda dezagun demokrazia, egin dezagun lan askatasuna irabazteko", esan du. Hala, hauteskundeetara aurkezteko moduaren inguruan sortu diren "eztabaidak eta polemikak" alde batera uzteko eskatu du. Horren aburuz, "hau ez da bandera gerra bat, demokraziaren eta jendeari ahotsa ematearen alde egitea da kontua".

Abenduaren 21eko hauteskundeak hizpide, herritarrei botoa ematera joateko eskatu die Kataluniako presidenteorde kargugabetuak. "Demokratak ez zaitezte etxean geratu. Askatasuna maite duen orok eman dezala botoa", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako albisteak Berriak Politika Kataluniaren independentzia Alderdi politikoak Albisteak Kataluniako Hauteskundeak gaur