Politika -
Epaiaren inguruko erreakzioak
Presoen argazkiak erakustea 'guztiz gaitzestekoa da', Prietoren ustez
Joseba Egibarrek, bestalde, "mendeku-politikak" ezin direla inposatu azpimarratu du. PP, berriz, helegitea aurkeztearen alde agertu da, eta Aralarrentzat, epaia Aresen politikaren porrotaren isla da.
Erredakzioa
Txarli Prieto Arabako PSEko idazkari nagusiak ETAren presoen irudiak erakustea "ikuspuntu politiko batetik ikusita, guztiz gaitzezgarria" dela adierazi du. Bera, gainera "zentsura horren aldekoa" dela azpimarratu du. Sozialisten ordezkariaren ustez, "ez da onargarria" delituak egin dituztenak "aldare batean agertzea".
EAJ
Bestalde, Joseba Egibar GBBko presidenteak gogorazi duenez, "askatasunik ez duten pertsonek ere euren eskubideak dauzkate". Egibarren hitzetan, "ezin da mehatxu-politika bat inposatu ''kartzelan dagoena, gero eta urrutiago eta txarrago, hobe'' leloa oinarritzat hartuta". Gainera, politikari jeltzalearen ustez, "sakonean beste eztabaida bat dago; horri heldu eta konponbide bat aurkitu behar da".
PP
Leopoldo Barreda Euskadiko PPko bozeramaileak, berriz, Auzitegi Nazioalaren epaiaren kontrako helegitea aurkeztea eskatu du eta epai hori irmoa ez dela gogoratu du. "Euskadin argazki hauek ezer aldarrikatzeko balio ez dutela gauza nabaria da, haietan agertzen direnak goraipatu besterik ez dituzte egiten. Hori edo bestea aitzakia modura hartuta, eredu bezala hartzen dituzte, goraipatuz eta egindakoa aldarrikatuz", esan du Barredak.
Aralar
Aralarrek, bestalde, Auzitegi Nazionalaren epaia Rodolfo Ares Barne sailburuaren politikaren "porrotaren isla" dela adierazi du. Aintzane Ezenarroren esanetan, Ares "adierazpen askatasuna eta manifestazioa bezalako oinarrizko eskubideen epaile bezala aritu izan da orain arte".
EB
Serafin Llamas Ezker Batua-Berdeakeko presidentziako bozeramaileak Auzitegi Nazionalaren epaiak Eusko Jaurlaritzaren tolerantziarik gabeko kanpainarentzat "makilakada galanta" dela adierazi du. Izan ere, Herrizaingo Sailak indarrean jarritako "estrategia zalantzan" jartzen du. Estrategia horrek, Llamasen hitzetan, "presoen hurbiltzea bezalako aldarrikapen demokratiko eta legitimoak zigortzen ditu".
Eusko Jaurlaritza
"Justiziaren erabakiak errespetatu" errespetatzen dituela, baina Auzitegi Nazionalak hartutako erabakiaren kontra dagoela "erabat" esan du Herrizaingo Sailak.Erabaki judizialaren argudioekin ados ez dagoela azaldu du Eusko Jaurlaritzak. "Espazio publikoetan terrorismo delituengatik zigortutako presoen argazkiak jartzeak helburu bakarra duela uste du herritarren gehiengoak: zigortuak omentzea"