Politika -

Katalunia

Epaileak 150.000 euroko bermea ezarri dio Forcadelli, espetxetik ateratzeko

Kataluniako Parlamentuko presidenteak astebeteko epea izango du dirua biltzeko. Fiskaltzak baldintzarik gabe kartzelatzea eskatu zuen.

Argazkia: EFE
Forcadell, kartzelarako bidean
Forcadellek gaur ordainduko du 150.000 euroko bermea, abokatuak dioenez

2:04

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak 150.000 euroko bermea ezarri dio bart Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteari, espetxea saihesteko, eta astebeteko epea eman dio dirua biltzeko. Fiskaltzak Forcadell baldintzarik gabe kartzelatzea eskatu zuen.

Hala, Forcadell Alcala Mecoko espetxera eraman zuten; izan ere, ezin izan zituen 150.000 euroak atzo bertan bildu, iturri juridikoek jakitera eman zutenez.

Kataluniako Parlamentuko presidenteak kartzela saihesteko dirua bildu ez duela azaldu zuten iturriek. Hori dela eta, Alcala Mecoko kartzelara eraman zuten. Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak espetxera bidali zituen bi kontseilari kargugabetuak (emakumeak) kartzela berean daude.

Era berean, Lluis Corominas, Lluis Guino, Anna Simo eta Ramona Barrufet diputatuei 25.000 euroko fidantzak ezarri zizkien, eta astebeteko epea dute ordaintzeko.

Hala ere, fidantzak ordaindu ondoren kautelazko neurriak ezarri zien Auzitegi Goreneko magistratuak guztiei. Horrela, Espainiatik ateratzeko debekua ezarri eta pasaportea kendu zien, eta astero epaitegietan agerraldia egin beharko dute.

Bestalde, Josep Joan Nuet kautelazko neurririk gabe aske utzi zuen epaileak. Nuetek independentziaren aurkako botoa eman zuen.

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuaren presidenteak eta gutxienez Mahaiko hiru kidek, azken orduan, aldebakarreko independentzia bideari uko egin ondoren hartu zuen erabakia Pablo Llaneras epaileak.

Azken alegatua, azken hitza

Matxinada, sedizioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita, bost auzipetuek zazpi ordu eman zituzten deklaratzen. Azken alegatu bat emateko aukera eman zien magistratuak ikertuei.

Une horretan, azken hitza hartzeko txanda horretan, Forcadellek eta gutxienez Mahaiko hiru kidek Kataluniako independentzia aldarrikatzeko aldebakarreko bideari uko egin zioten, Ramona Barrufeten adierazpenarekin bat eginez.

U-1eko erreferendumak baliorik izan ez zuela esan zuen Parlamentuko Mahaiaren laugarren idazkariak, bermerik izan ez zuelako, iturriek zehaztu zutenez.

Iturri berdinen arabera, parlamentariak aldebakarreko bidea errefusatu eta prozesua itunaren bidez bakarrik garatzea posible dela onartu zuen. Gainera, Konstituzioaren 155. artikulua obeditzen duela aitortu zuen.

Forcadell, "funtsezko papera" prozesu soberanistan

Prozesu independentistan “funtsezko papera” izatea leporatu zion Llarenak Parlamentuko presidenteari. Epailearen hitzetan, “esku-hartze garrantzitsua” eta “oihartzun handia” izan zuen.

Autoan, Kataluniako Asanblea Nazionaleko presidentea izan zela gogorarazi du magistratuak, “bere agintaldian bide-orria osatu, onartu eta aurrera eraman zuen, kontzientziazio eta mobilizazio kolektiboa bideratzeko”.

“Funtsezkoa izan zen, eta ondoren Kataluniako Parlamentua zuzentzeko ardura hartu zuen, independentzia aldarrikatzeko modua planifikatzeko, eta proiektuari behar zuen euskarri legala eman zion”, erantsi zuen epaileak.

Bestalde, U-1eko erreferendumak 6,2 milioi euroko gastu publikoa suposatu zuela egiaztatzeko frogarik ez dagoela azaldu zuen Auzitegi Goreneko epaileak. Horregatik, sei ikertuei fidantza hori inposatzeko Fiskaltzaren eskaera atzera bota zuen magistratuak.

Galdeketara bideratutako aurrekontu-sailak izan zirela onartu zuen magistratuak, baina U-1 diru publiko horrekin ordaindu zutela frogatzeko “ezer” ez dago kereilan, eta “are gutxiago” zenbateko hori frogatzeko.

Are gehiago, soilik 25.000 euroko gastua egiaztatzeko ziurtagiriak aurkeztu dituzte abokatuek. Gainera, Telekomunikazio eta Informazio Teknologien Zentroari dagokion gastua dela zehaztu zuen defentsak.

Mobilizazio independentistek “hedatzeko” arriskua zuen “indarkeria germen” bat zutela uste du Llarenak.

“Elkartasun kutxak” fidantzak estaliko dituela esan du ANCk

“Elkartasun kutxak Parlamentaren Mahaiko kideen fidantzak estaliko ditu”, adierazi zuen atzo Kataluniako Asanblea Nazionalak (ANC).

Erakunde independentistak mezu bat zabaldu zuen Twitter sare sozialean. “Estatuaren erasoari aurre egiteko elkartasun kutxan” dirua sartzea eskatu zuen.

Forcadellek espetxean lo egin behar izatea deitoratu zuen ANCk beste txio batean. Parlamentuko presidentearen “krimena herriaren agindua betetzea” izan dela ziurtatu zuen erakundeak.

Forcadelli eta Mahaiko kideei “besarkada handi” bat bidali die Junquerasek

Oriol Junqueras presidenteorde kargugabetu eta ERCko buruzagiak Forcadelli eta Mahaiko kideei “besarkada handi” bat bidali zien.

Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak Junqueras espetxera bidali zuen, baina kartzelatik mezu bat zabaldu zuen Twitter sare sozialean: “Nahiz eta ekaitza oso luzea izan, eguzkia lainoei nagusitzen zaie beti”.

Era berean, Carles Puigdemont presidentak txio bat idatzi zuen: “Carme Forcadellek gaua espetxean emango du eztabaida demokratikoa baimentzegatik. Hitz egitea eta bozkatzea baimentzeagatik! Horrelakoa da Espainiako demokrazia”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia gaur Politika albisteak Kataluniako erreferenduma gaur Auzitegi Gorena bideoak Kataluniako hauteskundeak Espetxeen albisteak gaur Kataluniako prozesua zuzenean