Politika -
Terrorismoaren aurkako borroka
ETAri buruz Venezuelarekin 'polemika ez sortzea' aholkatu du Caamañok
Justizia ministroak uste du "ezinbestekoa" dela Hegoamerikako herrialdearen babesa, ETAko kideek bertan geratzeko aukerarik izan ez dezaten.
Francisco Caamaño Justizia ministroak azpimarratu du ETAko kideek "ezin" izango dutela Venezuelan "geratu", eta horretarako, Hegoamerikako herrialdearen babesa "ezinbestekoa" dela azpimarratu du.
ETAren inguruan Venezuelarekin "gehiegi ez polemizatzea" aholkatu eta bertako "agintariekin lankidetza juridikoa estutzen" ari direla berretsi du, Valladoliden egiten ari diren Kongresu batean.
Caamañok gogora ekarri duenez, ETAko kideak Frantzian zeuden "eta ezin izan dute han geratu" eta "Gobernuaren lanari esker" Portugalen geratzea ere galarazi zieten. "Eta egingo dugun lanari esker ezin izango dute Venezuelan geratu", azpimarratu du ministroak.
Pumpidok Cubillas Espainiaratzea eskatu du
Candido Conde-Pumpido Estatuko fiskal nagusiak Arturo Cubillas "Espainiaratu edo epaitu" egin behar dela esan du.
Espainiako Fiskaltzaren jarrera "gai horretan amaieraraino iristea" dela gogorarazi ostean, Chavez Venezuelako presidenteari ohartarazi dio Espainiak "ez duela onartuko terrorismoak nazioartean babesa jasotzea".
Chavezek "entzungor"
Hugo Chavezek erantzun die bere Gobernua terrorismoarekin lotu nahi dutenek "porrot" egingo dutela ahalegin horretan. Chavezek esan du "entzungor" egiten diela salaketa horiei.
"Eskuindarrak tematuta daude terrorista naizela edo babestu egiten ditudala edo narkotrafikatzailea naizela pentsarazten, baina nik Jainkoarengan eta egian dut fedea", adierazi du Chavezek Caracasen.