Politika -
Aurrekontu-akordioa
Lehendakaria: 'PSEren Gobernuak emango dio azken bultzada Estatutuari'
Bere Exekutiboak negoziaketa hori "itxi" eta Euskadiren onura jomuga izango duela gogorarazi du Patxi Lopezek. "Eta horrela ez denean, planto egingo dugu", gaineratu du.
Erredakzioa
30 urteren ostean, gobernu sozialista batek Estatutuari "azken bultzada" emango diola txalotu du Patxi Lopez lehendakariak. Hori azpimarratu du EAJk eta PSEk lortutako aurrekontuen inguruan lortutako akordioaren gainean.
PSEko gazteek Bilbon antolatu duten ekitaldi batean izan da lehendakaria. Horren hitzetan, "iritziak iritzi, gobernu sozialista bat Eusko Jaurlaritzan dagoenean burutuko da Gernikako Estatutuaren garapenaren aurrerapauso handiena", azpimarratu du.
Bere Exekutiboak eskuduntzen transferentzia "lehen egunetik" helburu zuela adierazi du Patxi Lopezek. Horregatik, "bitxitzat" jo du "EAJk horiek mahai gainean orain jartzea, jada gure lehentasuna zelako, baina ez zutelako lekuz kanpo geratu nahi", azaldu du.
Bere Gobernuak negoziaketa hori "itxi" eta Euskadiren onura jomuga izango duela gogorarazi du Patxi Lopezek. "Eta horrela ez denean, planto egingo dugu", gaineratu du.
Horren harian, Urdaibaiko museoaren proiektuaren bideragarritasuna ikertzera zuzendutako 120.000 euroko partida babestuko duen ez du aurreratu lehendakariak, nahiz eta hori lortu berri duten akordioan jasota egon. "Askotan esan dugunez, Eusko Jaurlaritzak ez du Guggenheim Museoa biosfera-erreserban eraikitzearen aldeko apustua egingo", azpimarratu du.