Politika -
Ekitaldi politikoa Leonen
Zapaterok 'ardura eta akordioak lortzeko gaitasuna' eskertu dio EAJri
Gainera, Gobernuko presidenteak Arnaldo Otegik El Paisen egindako adierazpenei erantzun die, Alderdien Legea ez duela bigunduko eta ETAren aurrean erne egoten jarraituko duela esanez.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteak eskerrak eman dizkie gaur EAJri eta Coalicion Canariari 2011ko Aurrekontu Orokorrak aurrera ateratzeko erakutsi duten "negoziaziorako ahalmena eta erantzukizunagatik".
Mariano Rajoy oposizioko liderrari ere hitz batzuk zuzendu dizkio. Zapaterok legealdia amaitzeko presarik ez edukitzeko esan dio Rajoyri, izan ere, presidentearen hitzetan, "oposizioan lau urtez egoteko ez luke hainbesteko presarik izan behar".
Presidentearen ustez, azken egunetan Rajoy "apur bat berotuta" dago oposizioan "legealdiak amaitezinak ematen dutelako". "Legealdiak lau urte irauten dituztela gogoratu nahi diot", esan du Zapaterok Leonen egindako ekitaldi politikoan. PSOEko agintaria, gainera, bere alderdiak 2011ko udal eta autonomi hauteskundeak eta 2012ko hauteskunde orokorrak irabaziko dituela ziurtatu du.
Espainiako presidenteak PPren porrota argi dauka, bere ustez PSOEK batzutan asmatu "eta beste batzutan huts egiten du", baina beharrezko erreformak hasi eta kementsu defendatzen dituen bitartea, Rajoyk "ez du ezer egiten eta ez daki zer egin nahi duen". Hori dela eta, herritarrek ez diote oposizioko liderrari gehiengorik emango 2012ko hauteskundeetan.
Otegiren adierazpenei erantzuna
Ekitaldiaren ondoren kazetariekin izandako solasaldian, Zapaterok Arnaldo Otegik El Paisen egindako adierazpenak komentatu ditu.
Ekintzak hitzak baino garrantzitsuagoak direla ohartarazi die Zapaterok bai Otegiri eta bai ezker abertzaleari. Horren harira, Batasuna eta bere ondorengoak hauteskundeetan izatea galarazten duen Alderdien Legea biguntzeko inolako asmorik ez duela azpimarratu du Zapaterok.
Gobernuak ETArekin erne egoten jarraituko duela ere adierazi du eta ezker abertzaleari indarkeria terrorista argi eta behin betiko gaitzestea eskatu dio.