Politika -

Manifestazioa, Parisen

Frantziako hainbat parlamentarik ETAko presoen aldeko neurriak galdegin dituzte

Ehun bat lagunek, tartean 24 parlamentarik, batez ere ezkerreko alderdietakoak horiek, abenduaren 9an Parisen egingo duten manifestazioa babestu dute.

Presoen alde Bilbon egindako manifestazio baten irudia.
Presoen alde Bilbon egindako manifestazio baten irudia.
Presoen alde Bilbon egindako manifestazio baten irudia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako ehun bat pertsona ospetsuk, tartean 24 parlamentarik, batez ere ezkerreko alderdietakoak horiek, babesa eman diote Parisen abenduaren 9ean egingo duten manifestazioari; izan ere, bertan eskatuko dute ETAko presoen "salbuespen erregimenari amaiera ematea".

Manifestazioa deitu duten antolatzaileek gaur aurkeztutako adierazpen batean, sinatzaileek (epaileak, akademikoak, ekonomistak eta beste politikari batzuk ere badaude, horien artean) deitoratzen dute Espainiako eta Frantziako Gobernuak ez direla ematen ari "espero ziren keinuak", gizarte zibilak bere ardurak barneratu baditu ere.

Deitzaileek galdegin dute, besteak beste, presoak Euskadira gerturatzea, hamabost bat presok baldintzapeko askatasuna jasotzea, eta bandaren gainerako presoentzako erregimen hobea. Historian, ETAk 800 lagun baino gehiago hil ditu.

Etchegaray: "Manifestazioaren helburua da egoerak aurrera egitea"

Manifestazioa deitu dutenetako batek, Baionako alkate eta Ipar Euskal Herriko 150 udalerri biltzen dituen erakundeko presidente Jean-Rene Etchegarayk, nabarmendu du manifestazioaren helburua dela "egoerak aurrera egitea", eta aldatzea Espainia eta Frantziako Gobernuen jarrera; izan ere, "orain arte, horiek ez dute onartu bake-prozesu honetan sartzea".

Etchegarayren iritziz, "jarrera hori ezin justifikatuzkoa da, kontuan izanik ETAren armagabetzea gauzatu dela"; 2017ko apirilaren 8an, ETAk armak eta lehergailuak segurtasun-indarren esku utzi zituen, hainbat zulo non zeuden jakitera emanez.

Adierazi du "guztiz beharrezkoa" dela frantziar Estatua adi egotea ea zer esango duten Parisen abenduaren 9an, kalean; izan ere, "Euskal Herria martxan da, bake-proiektu batekin, presoen egoerari irtenbidea emateko eskariarekin; salbuespen-erregimenari amaiera eman nahi zaio".

Antolatzaileek galdegiten dute ETAko presoentzako DPS estatutua bertan behera uztea (65 daude Frantziako kartzeletan); hain zuzen, kartzela-erregimena zorrotzagoa ezartzen du estatutu horrek. Halaber, eskatzen dute Euskal Herritik gertuko kartzeletara eramatea (batez ere, Lannemezan eta Mont de Marsango espetxeetara); eta eskatzen dute, era berean, hamabost bat presok baldintzapeko askatasuna lortzeko aukera izatea.

Tubiana: "Ezin gara 30 urtean ziurgabetasunean egon"

Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidente Michel Tubianak gehitu du beharrezkoa dela haratago joatea, eta kartzela-zigor luzeak dituzten egoerari heldu behar zaiola; izan ere, haren iritziz, "ez dago egoterik 30 urteko ziurgabetasun batean".

Tubianak deitoratu duenez, Frantziako agintariak apirileko armagabetzean nahasi ziren, bai, baina ordutik "egoerak ez du aurrera egin, edo ez du behar beste aurrera egin". Gogorarazi du Justizia Ministerioarekin izandako "elkarrizketa-guneak" ekarri duela, hilabete honetan bertan, ETAko zazpi presoen kartzela-egoera atseginagoa izatea.

Manifestazioaren aurrealdeko pankartan mezu hau agertuko da: "Bakea Euskal Herrian: orain presoak". Oso jendetsua izango da, Jean-Noel Etcheverry Bake Artisauak izeneko taldeko kideak esan duenez: "Euskal Herritik, dagoeneko 7.700 txartel erreserbatu dituzte, Parisera joateko". Hortaz, aurreikuspena da "10.000 lagun baino gehiago" biltzea.

Antolatzaileek onartu dute orain arte ez direla saiatu bake-prozesuan ETAko biktimen elkarteek ere parte hartzea; adierazi dute, baina, aurreikusita dutela, "etorkizunean", harreman hori egitea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Iparraldea bideoak Zer gertatu da Parisen? Presoak argazkiak Frantzia bideoak ETA Baiona Maule argazkiak Donibane Garazi albisteak Alderdi politikoak albisteak Gaurko azken orduko albistea Hauteskundeak Frantzia gaur