Politika -

Erabakitzeko eskubidea

Gure Esku Dagok galdeketa egingo du Donostian, 2018ko urrian edo azaroan

Donostia Galdeketa ekimeneko kideen hitzetan, bozketa horretan % 25eko balizko parte-hartze bat lortzea emaitza “oso ona” izango litzateke, baina portzentaje “handiagoa” izatea espero dute.

Artxiboko irudia: Gure Esku Dago
Artxiboko irudia: Gure Esku Dago
Artxiboko irudia: Gure Esku Dago

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostian, 2018ko urrian edo azaroan, “kontsulta bat antolatzeko tramiteak hasteko” borondatea azaldu dute gaur Donostia Galdeketa ekimeneko kideek. Aldez aurretik kanpaina bat egingo dute 8.000 sinadura lortzeko asmoarekin, Udalaren araudiak aurreikusitakoak baino 5.000 gehiago (% 1,5).

Gure Esku Dagoren ahotan, bozketa horretan % 25eko balizko parte-hartze bat lortzea emaitza “oso ona” izango litzateke, baina portzentaje “handiagoa” izatea espero dute.

Jose Luis Segurola Donostia Galdeketaren bozeramaileetako batek ekimenaren inguruko xehetasunak azaldu ditu gaur prentsaurrekoan, Gipuzkoako hiriburuko udaletxean. Maria Luisa Sanchezek eta Itziar Salegik lagundu dute.

Lau urteko lana

Agerraldian, euskaraz eta gazteleraz agiri bat irakurri dute. Gogorarazi dutenez, Gure Esku Dago plataformak lau urte daramatza lanean Donostian, “antolaketa eredu politikoa erabakitzeko eskubidearen alde”.

“Erabakitzeko eskubidea edukiz bete nahi dugu, printzipio barnerakoi bezala, herri honetako pertsona guztiei eta aniztasunari ahotsa emateko”, azaldu dute. Aldarrikapena “herritarren bilgune” eta “borondatearen bide” izan behar dela azpimarratu dute.

Jakitera eman dutenez, ekimenak EH Bildu, EAJ, Podemos, ELA eta LABen babesa du dagoeneko. Gainera, kultura eta kirol munduko donostiar ospetsuek ekimenarekin bat egin dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Berriak Politika Donostia argazkiak Gure Esku argazkiak Eguneko albisteak