Politika -

ELKARRIZKETA

Urkullu: 'PP izan da gurekin negoziatu nahi izan duen alderdi bakarra'

Euskal Autonomia Erkidegorako Estatutu politiko berri bat lortzeko nahiz Kataluniako egoera konpontzeko bidea "aldebikotasuna" dela berretsi du lehendakariak.

Iñigo Urkullu lehendakaria ETB-1eko 'Ahoz Aho+' saioan. Argazkia: EiTB
Iñigo Urkullu lehendakaria ETB-1eko 'Ahoz Aho+' saioan. Argazkia: EiTB
Urkullu: 'PP izan da gurekin negoziatzeko prest agertu den alderdi bakarra'

1:27

G. Palacios | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak esan du Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak negoziatzeko prest agertu den alderdi bakarra PP izan dela.

Sozietateen gaineko zerga jaistearen truke, Alderdi Popularrak EAJ-PSE gobernu koalizioaren aurrekontuak babestuko ditu. Hiru alderdiek egunak daramatzate negoziatzen eta ituna "laster" egingo dutela espero dute.

ETB-1eko 'Ahoz Aho+' saioan egindako elkarrizketan, Urkulluk adierazi du "denekin negoziatzeko" izan dituztela "ateak zabalik", baina Alderdi Popularra ez beste indar politikoek uko egin diotela aukera horri.

"EH Bilduk baldintza bat jarri zigun: egungo gobernu formula amaitzea. Eta Elkarrekin Podemosen jarrera aldaketa bat antzeman dugu iazko bilerarekin alderatuta, baina ezinezkoa izan da negoziatzea, barne-eztabaida batean daudelako une honetan", azaldu du.

"Lehendakariak, koalizio gobernuak eta EAJk ez dute betorik jarri. Besteek eman digute ezezkoa. Ez da logikoa indarrean dagoen gobernu bat apurtzea exijitzea negoziatzen hasteko", azpimarratu du.

"Legebiltzarrean ez dugu gehiengorik eta negoziatu egin behar dugu; eta une honetan negoziatzeko prest agertu den bakarra Alderdi Popularra da", erantsi du.

Kupoa, Estatutu berria eta Katalunia

Espainiako Estatuko gainerako erkidegoekin alderatuta, Euskal Autonomia Erkidegoa "pribilegiatua" dela ukatu du lehendakariak, Kontzertu Ekonomikoak 140 urte beteko dituela gogoratuta.

"Gu ez gara Kupoaren bidez finantzatzen. Estatuak hemen inbertitzen duenagatik ordaintzen dugu. Gure diru-sarrerak guk kudeatzen ditugu eta horrekin arrisku bat hartzen dugu, diru-sarrera nahikorik ez dagoenean ere egoera guk kudeatu behar dugulako. Beraz, Kupoa alde bakarreko arrisku bat da", azaldu du.

Bestalde, Estatutu politiko berri bat adosteko "une egokia" dela adierazi du, ETA indarrean zegoen bitartean eztabaida horri heltzea ezinezkoa zela iritzita.

Ildo horretan, "akordio zabalak" bilatzea eta Espainiako Gobernuarekin adostasun batera heltzea babestu du lehendakariak.

"Legebiltzarreko autogobernu lantaldean zer nahi dugun eztabaidatu eta ahalik eta akordio zabalena lortu behar dugu, akordio zabal hori Madrilera eraman eta Estatuarekin ituna egiteko", berretsi du.

Espainian zentralizazioaren aldeko iritziak ugaritzen ari diren honetan, Espainiako Konstituzioa erreformatzea babesten duen ala ez galdetuta, Urkulluk esan du egungo Konstituzioan aldaketarik egin gabe ere posible dela "euskal autogobernuan sakontzea".

Era berean, onartu du badagoela "arriskua autogobernuaren kontrako aldaketak gehitzeko" baliatzea Konstituzioaren erreforma hori.

Kataluniako egoerari buruz (Carles Puigdemont Bruselan, kargugabetutako kontseilariak kartzelan, autogobernua esku hartuta…), lehendakariak ez du iritzirik eman nahi izan, baina irtenbidea abenduaren 21eko hauteskundeetan egon daitekeela esan du.

"Abenduaren 21ean badute aukera bat zein bide hartu behar duten erabakitzeko, orain arte gertatutakoaren eskarmentutik abiatuta", adierazi du.

Ildo horretan, aldebikotasunaren beharra aldarrikatu du berriro: "Aldebakarreko bideak beti eramaten du aldebikotasunera, negoziatzea beti delako ezinbestekoa".

Bakegintza

ETAren desegiteari dagokionez, Urkulluk esan du "ahalik eta azkarren" egin beharko litzatekeela.

"ETAk erabaki eta egin behar du hori, aldebakarrez eta betirako", nabarmendu du.

Espetxe-politikaren harira, lehendakariak deitoratu du Espainian eta Frantzian ez direla salbuespen neurriak baliogabetu.

Presoen auzia "egungo legedian inolako aldaketarik egin gabe" konpon daitekeela gogoratu du eta mezu hori Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari sarritan helarazi diola erantsi du.

Krisi ekonomia

Krisia dela eta, Urkulluk aitortu du egoera ekonomikoa ez dela nahi bezain ona eta Eusko Jaurlaritzak badituela "erronkak betetzeko".

Alabaina, azken urteotan ekonomia "etengabeko hazkundean" dagoela esan du. "Pixkanaka pixkanaka bada ere, hobera egiten ari gara", ziurtatu du.

Bitartean, baina, hainbat enpresatan kaleratzeak izaten ari dira, hala nola, Siemens-Gamesa konpainian. Lehendakariak adierazi du "krisian edo egoera larrian dauden enpresek Eusko Jaurlaritzaren laguntza" dutela.

Pobreziaz energetikoaz galdetuta (Euskadin 1.400 herritarrek laguntza behar dute argindarra ordaintzeko), Urkulluk azpimarratu du diru-sarrerak bermatzeko errenta eta bestelako laguntzak mantendu dituela Jaurlaritzak urteotan.

"Pobrezia energetikoari aurre egiteko inbertsioari eutsi egin diogu", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Iñigo Urkullu Lehendakaria Eusko Jaurlaritza albisteak Ekonomia EH Bildu Nafarroa PSE-EE Euskadiko PP berriak Podemos Ahal Dugu Euskadi