Politika -
Ondorio politikoak
CCrekin zuen Gobernu ituna apurtu du PPk Kanariar Uharteetan
"Ez da erabaki erreza izan, baina Coalicion Canariarekin Gobernu aroa amaitutzat jo du PPk", adierazi du Jose Manuel Soria Kanariar Uharteetako PPko presidenteak.
Erredakzioa
Coalicion Canariarekin (CC) zuen Gobernu ituna haustea erabaki du gaur Alderdi Popularrak, Jose Manuel Soria Kanariar Uharteetako PPko presidenteak jakitera eman duenez, erkidegoko zuzendaritza bildu ostean. Soria Kanariar Uharteetako Exekutiboko presidenteordea da.
Soriaren hitzetan, "ez da erabaki erreza izan, baina Coalicion Canariarekin Gobernu aroa amaitutzat jo du PPk". Presidenteorde eta kontseilari gisa ostiralean dimitituko du Soriak. Hala eta guztiz ere, erkidegoaren 2011rako aurrekontuak babestuko ditu PPk, eta bere laguntza beharrezkoa den departamentuetan jarraituko du, botereen eskualdatzea eman arte.
2007ko hauteskundeen ostean sinatu zuten ituna bi alderdiek, nahiz eta PSC-PSOEk irabazi. Alderdi Popularrak CCren Gobernua babesten jarraitu behar ez zuela esan du goizean Kanariar Uharteetako PPko buruzagiak, Estatuko Aurrekontu Orokorrak aurrera ateratzeko Gobernu zentralari emandako laguntzaren ostean.
Gobernu zentralarekin gaur izenpetu du akordioa Paulino Rivero Kanariar Uharteetako presidenteak. Egoera aztertzeko premiazko bilera bat egingo du Coalición Canariak Santa Cruzen. Iragan legealdia amaitzeko hilabete batzuk falta zirenean nazionalistek eta PPk ituna apurtu zuten dagoeneko, Adan Martin presidentea zenean.
PSC-PSOE
Bestalde, "PPren arduragabekeria izugarria" kritikatu du Jose Miguel Perez PSC-PSOEko idazkari nagusiak, eta nazionalistei elkarrizketa jarrera mantentzeko eskatu die, akordioak lortzeko.
Jose Miguel Perez Kanaria Handiko Kabildoko presidentea da. Legealdiko azken unera arte ituna mantentzeko erantzukizuna zuen PPk, Perezen ahotan, eta "orain herritarrak engainatu nahi ditu, alderdiaren interesak Kanariar Uharteen interesen gainetik jarriz".