Politika -
132 milioi euro
PSEk eta EAk Urdaibai suspertzeko plana adostu dute
Bi alderdiek Foru Aldundiaren Guggenheim museoa eraikitzeko proiektuak lehentasunik ez duela uste dute eta inbertsio publikoa beste alor batzuetara bideratu behar dela esan dute.
Erredakzioa
Iñaki Gorroño Gernikako alkatea eta Bizkaiko Batzar Nagusietako Jose Antonio Pastor PSEko eta Eusko Alkartasunako Joseba Gezuraga bozeramailea Gernikako udaletxean bildu dira gaur goizean eta Urdaibaiko ekonomia, gizartea eta kultura suspertzeko plana adostu dute. Proiktuak 132 milioi euroko aurrekontua izango du. Hala ere, planak ez du Urdaibaiko Guggenheim museoaren eraikuntza.
Horrela, Eusko Jaurlaritzaren eta Gernikako herriaren interesek bat egin dute. Hala ere, bi alderdiek, EAk eta PSEk, Foru Aldundiak duen Guggenheim museoaren eraikuntzak lehentasunik ez duela uste dute eta inbertsio publikoa beste alor batzuetara bideratu behar dela adierazi dute. Gernikako Udala, bestalde, museoa eraikitzearekin ados egongo litzateke, biosfera-erreserba errespetatzen bada.
Gaur goizean lortutako akordioaren arabera, sormen kulturalerako eta energia berriztagarrietarako lanbide heziketako zentro bana sortuko dituzte. Horrez gain, Beheko Ibarra industria gunea berrituko dute.
Jose Luis Bilbao Bizkaiko aldun nagusiak, bestalde, gai honi buruz duen kezka adierazi du. Bilbaok esan du Eusko Jaurlaritzak bihar, Urdaibai Patronatuaren baitan, Amorebieta-Gernika errepidea ez onartzearen beldur dela. Ez du alarmista izan nahi, baina ingurugiroa kaltetu dezaketelako plan batzuk ezeztatzea eta beste batzuk aurrera jarraitzea egokia ez dela adierazi du.