Politika -

Gobernu zentralari

Legealdia bakea lortzeko aprobetxatzea eskatu du Urkulluk

EAJk eta PSOEk aurrekontuetan lortutako akordioak "bakerako eta normalkuntza politikorako garaia" zabaldu duela uste du EAJko presidenteak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Legealdia bakea lortzeko "aprobetxatzea" eskatu dio Iñigo Urkullu EAJko presidenteak Gobernu zentralari, 2011ko aurrekontuak babestu ostean.

Lanbide Heziketak Euskadin duen etorkizunari buruzko mahainguru batean parte hartu du Urkulluk Bilbon. EAJk eta PSOEk aurrekontuetan lortutako akordioak "bakerako eta normalkuntza politikorako garaia" zabaldu duela uste du jeltzaleak.

Datozen hauteskunde orokorrak izateko "urtebete baino gehiago" falta dela gogorarazi du EAJko buruzagiak, "Gobernuak legealdi osoari eusten baldin badio behintzat". "Guztiek, bereziki Batasunak, denbora hori aprobetxatzen jakitea" espero du Urkulluk.

Gobernuarekin sinatutako ituna defendatu du buruzagi jeltzaleak, "Espainiako Estatuari egonkortasun ekonomikoa eta Euskadiko autogobernuari eta inbertsioei garapena" ematen dielako".

Gizarte Segurantzari buruz "eztabaidatzen jarraitu" beharko dutela azaldu du Urkulluk, baina akordioarekin "egonkortasun politikoa lortzeko harri-koskorra" jarri dutela errepikatu du.

Otegiri

Bestalde, ETAk atentatu berri bat egiten badu "horren kontra agertuko" dela esan beharrean, Otegik erakunde terroristari "hona arte heldu gara" esatea gustatuko litzaiokeela esan du EAJko presidenteak.

Otegik "atentatu gehiagorik izan behar ez dela esan beharko luke, eta ez ETAren ekintza berri baten aurka agertuko denik", Urkulluren hitzetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea