Politika -
Aldaketak Gobernuan
De la Vega: 'Gobernu demokratiko batean, maletak eginda egon behar du'
Presidenteorde ohiak esan du kargu aldaketak ez zuela "ezustean" harrapatu, izan ere, "demokraziaren joko arauak dira, denok onartzen ditugu, gogo handiz gainera".
Erredakzioa
Maria Teresa Fernandez de la Vega atzora arte Gobernuaren bozeramaile eta presidenteorde zenak prentsaurrekoa eman du Moncloan agur esateko. Erret Etxetik hasita, herritarrei ere eskerrak eman dizkie, Gobernuko presidentearentzat ere izan ditu hitz onak eta kargua kendu izanak ez duela ezustean harrapatu azpimarratu du: "Gobernu demokratiko bateko kide zarenean, maletak eginda egon behar du".
Presidenteorde eta bozeramaile ohiak aitortu duenez, erabakiak ez du "ezustean" harrapatu, izan ere, "demokraziaren joko arauak dira, denok onartzen ditugu, gogo handiz gainera".
Bozeramaileak Espainiako Erregeari eta "bere familia osoari" esker ona agertu dio, baina bereziki Zapateroren ondoan lan egiteko aukera azpimarratu du, "pribilegio" bat izan baita "urte bizi" hauetako proiektu "sozialean" parte hartu ahal izana. "Proiektuak merezi izan du eta merezi du oraindik, nahiz eta oso une gogorrak bizi izan", De la Vegaren esanetan.
Gobernuaren bozeramaile ohiak Zapaterori eman dio lehen aldiz emakume batek ministroen kontseilu bat gidatu izanaren meritua, "hala nahi izan" zuelako.
Azkenik, Zapateroren Gobernuko kideei, laguntzaileei, erakunde sozialei, kazetariei eta herritarrei ere eskerrak eman dizkie: "Haien gertutasunak eta kritikek nire lana hobetzen lagundu didate".