Politika -

Nafarroako Parlamentua

Jadanik normalkuntza politikoa dagoela defendatu du Sanzek

"Indarkeria defendatzen dutenek eta terroristek hiltzeari uztea erabakitzen dutenean bakea helduko" dela azpimarratu du Nafarroako presidenteak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jadanik Espainian normalkuntza politikoa dagoela defendatu du Miguel Sanz Nafarroako presidenteak. Era berean, kontraprestaziorik badago ETArekin negoziatzearen aurka agertu da.

Nafarroako erkidegoaren egoerari buruzko eztabaidan egindako bigarren hitzaldian egin ditu adierazpenak Sanzek. Horrela, talde politiko guztien agerraldiei erantzun die presidenteak.

Terrorismoa izan du hizpide Sanzek: "Gaia ongi doa momentu honetan".

Bere alderdiak indarkeria abantaila politikoa ateratzeko erabiltzen duenik ukatu du Nafarroako presidenteak. "Indarkeria defendatzen dutenek eta terroristek hiltzeari uztea eta Espainiako gizarte demokratikoaren printzipioak onartzea erabakitzen dutenean bakea helduko" dela azpimarratu du Sanzek.

"Ez da UPNren gogoz bestera izango, UPNren sakrifizio eta esfortzuarekin baizik, izan ere, nire alderdiko zenbait lagun hil dituzte. Besteek berdina adierazi dezaketenik ezin esan", Sanzen hitzetan.

Ekonomia

Bestalde, Sanzek azpimarratu du Nafarroako ekonomia publikoa "berriro ere kaudimenduna" dela eta "ekonomia pribatuaren akuilua" izaten ari dela. Horrez gain, Parlamentuko alderdi handienak ahalik eta arinen jarri zirela ados nabarmendu du, eta horrek "krisiari aurre egiteko" eta "agertoki ekonomikoa berregituratzeko" neurria hartzea ahalbidetu zuelako. Horrenbestez, alderdi horien arteko adostasunak bere horretan jarraitu behar duela esan du.

Miguel Sanzen hitzaldiarekin hasi da Nafarroako komunitatearen egoerari buruzko eztabaida Parlamentuan. Bere azken eztabaida izango da, izan ere, ez da datozen hauteskundeetara aurkeztuko.

Sanzek onartu du legegintzaldi hau "krisi ekonomikoaren ondorio larriek" markatu dutela eta horrek Foru Gobernuaren kudeatzean, aurrekontuetan eta sormenean eragina izan duela.

Espainiako langabezia-tasa % 20koa den bitartean, Nafarroakoa % 10,9koa dela ekarri du gogora, baita Estatuko enplegu-tasarik altuena Nafarroak daukala ere. Alabaina, datu horiek "kontsolamendua" ez direla nabarmendu du, izan ere, 40.000 lagun langabezian daude Nafarroan.

Nolanahi ere, arestian aipatutako datuek "ekonomia hobera" egiten ari dela erakusten dutela esan du eta horrek "guztiongan eragin positiboa" izango duela.

Oposizioa

Bestalde, NaBai, PSN, CDN eta IUN talde parlamentarioek gogor kritikatu dute Miguel Sanzen hitzaldia eta proposamen berririk egin ez duela salatu dute.

Horrez gain, Sanzek igorritako mezu positiboaren aurka agertu dira. Nafarroa krisitik ateratzen ari dela esatea erreala ez dela uste dute, langabe kopurua kontuan hartuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea