Politika -

Ministro berriak

Rubalcabak eta Jaureguik "dena emango dutela" agindu dute

Zarzuelako Jauregian Erregearen aurrean karguaren zina egin eta gero, "Gobernuak egun asko ditu aurretik herritarren bizitza hobetzeko", esan du Rubalcabak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfredo Perez Rubalcaba lehen presidenteordeak eta Barne ministroak, eta Ramon Jauregui Presidentziako ministroak beraien karterak jaso dituzte gaur Maria Teresa Fernandez de la Vegaren eskutik. Ekonomiaren sustapena lortzeko gogor lan egingo dutela agindu dute biek; besteak beste, "erreformen bidez, laztasunez eta kohesio sozialaren bidez".

"Dena emango dugu, eta beharrezkoa bada, zertxobait melodramatikoa bada ere, heriotzara arte borrokatuko gara", esan du Jaureguik Moncloako Jauregian. Jarraian, Rubalcabak hartu du hitza, "lan faltagatik ez da izango: lanarekin asmatzea espero dugu", adierazi du.

Zarzuelako Jauregian Erregearen aurrean karguaren zina egin eta gero, eta kabineteko kideez, alderdikideez eta Moncloako langileez inguratuta, "Gobernuak egun asko ditu aurretik herritarren bizitza hobetzeko", esan du Rubalcabak.

Ildo horretan, aurreko Gobernuaren helburuak mantentzen dituztela argi utzi du: "ekonomiaren eta enpleguaren sustapena". Helburu horiek lortzeko erreformak behar direla, eta horiek eraginkorrak izateko hiritarrek erreformak onartu behar dituztela gaineratu du.

Lan etengabearekin batera horiek izango dira euren ezaugarriak. Funtzionarioekin bromatan, ordutegiak aspaldiko berdinak izango direla ohartarazi die, baina futbol partida dagoenean telefono deirik ez dela izango erantsi du. Moncloako funtzionario askok Rubalcaba aurreko etapatik ezagutzen dute.

Barne ministro gisa jarraitzen duela ez du ahaztu Rubalcabak. Orain arte egindako kudeaketarekin "pozik" agertu da, izan ere, gauzak "ondo" doaz, nahiz eta Ministerio horretan beti zuhurtziaz jokatu behar.

Rubalcabak baino lehen Ramon Jaureguik hartu du hitza eta Gobernuko presidentearen konfiantzari "leialtasunez eta lanarekin" erantzungo duela agindu du: "Dena eman eta dakidan guztia erabiliko dut", erantsi du.

Gobernutik kanpo hamar urte daramatzala gogorarazi du Jaureguik (lehendakariorde izan zenetik, hain zuzen ere). Exekutibora Europako Parlamentutik heldu dela gogorarazi du, baina "Alfredorekin bi arratsalde" pasa ostean eguneratuko dela adierazi du, bere "ikasgai magistralei" esker.

"Ezin gara mugitu barik gelditu", esan du Jaureguik; Europan bizi den une historikoa kontutan hartuta, beharrezkoa dugu "lehiakortasunaren, jasangarritasunaren eta kohesio sozialaren arteko ekuazio zaila" zaintzea.

Eskerrak, Maria Teresa Fernandez de la Vegari

Rubalcabak eta Jaureguik azken urteotan egindako lana eskertu diote Maria Teresa Fernandez de la Vegari. Adierazpenik egin gabe, de la Vegak bere lanari eta gaitasunari buruzko gorespenak entzun ditu.

De la Vegaren lanaren ostean, "ezer ez da gauza bera izango", eta berak lortutakoa "atzeraezina" dela esan du Rubalcabak.

Karguak Erregearen aurrean zin egin dituzte ministro berriek Zarzuelan

Alfredo Perez Rubalcaba presidenteorde berriak eta Ramon Jaureguik, Trinidad Jimenezek, Valeriano Gomezek, Rosa Aguilarrek eta Leire Pajinek karguak Erregearen aurrean zin egin dituzte gaur, Zarzuela Jauregian.

Kabinete berriaren lehen bilera ostiral honetarako deitu du Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteak.

Ezagutzen ez dutenei aukera bat emateko eskatu die Leire Pajin Osasun ministro berriak, eta gorroto hitzik izango ez duela ziurtatu du, bere erantzukizunetik ez dutelako aldenduko.

Bere kudeaketa "errespetuan eta elkarrizketan" oinarrituko duela esan du Trinidad Jimenez Atzerri ministroak. Era berean, Miguel Angel Moratinosek azken sei urteetan egindako lanari "jarraipena" emango diola azaldu du.

Lan-politikarik "onena" eta "eragingarriena" adostasunetik aplikatzen dena da, Valeriano Gomez Lan ministro berriak azaldu duenez. Horregatik, enpresariei eta sindikatuei Estatuak krisitik ateratzeko behar dituen erreformak negoziatzeko dei egin die ministroak, besteak beste, pentsioen erreforma.

Nekazaritza sektoreen eta ingurumen elkarteen "elkarrizketa eta parte-hartzea" bere agintaldiko "ezaugarrietako" bat izango dela adierazi du Rosa Aguilar Ingurumen ministroak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea