Politika -

Dokumentazioa

80 pertsona atxilotu dituzte Segirekin lotuta, azken bi urteetan

Operazio zabalena 2009ko azaroaren 24an izan zen eta, gaurkoa bezalaxe, Grande-Marlaska epailearen aginduz burutu zuten. Orduan, 34 pertsona atxilotu zituzten.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatuko Segurtasun Indarrek 80 pertsona inguru atxilotu dituzte azken bi urteetan Segi legez kanpoko erakundearen kontrako hainbat polizia-operaziotan, gaur Espainiako Poliziak atxilotutako 20 lagunak barne.

Operazio zabalena 2009ko azaroaren 24an izan zen eta, gaurkoa bezalaxe, Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz burutu zuten. Orduan, 34 pertsona atxilotu zituzten eta erakundearen zuzendaritza "bururik gabe" utzi zutela esan zuten.

Iazko azaroko operaziotik, Segirekin lotutako atxiloketak etengabeak izan dira, bai Espainiako Estatuan bai Frantziakoan.

Azken atxiloketa urriaren 12an izan zen. Urbeka Bravo Corral atxilotu zuten orduan Hendaian (Lapurdi) Segiren nazioarteko aparatuaren buruzagia izatea leporatuta. Ustez, Askapenaren kontra irailaren 28an egin zuten operazioaren ostean ihes egin zuen Bravok Hego Euskal Herritik.

Grande-Marlaskak azaroan zuzendutako operazioaz gain, Segik beste kolpe gogor bat jaso zuen 2009an. Martxoaren 31n, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak legez kanpoko erakundeko beste 10 ustezko kide atxilotzeko agindua eman zuen erakunde terroristako kide edo laguntzaile izatea egotzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea