Politika -
Elkarrizketa ETBn
Erkoreka: ETA ziztatzea eta presionatzea da Zapateroren estrategia
EAJren Kongresuko bozeramaileak uste du Zapaterok ezker abertzalearekiko duen "estrategia bateratua"k "elementu pizgarriak eta presioa" dituela neurri berean.
Erredakzioa
Josu Erkoreka EAJk diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak esan du "inork pentsatzen badu Gobernuak ezker abertzaleari egiten dion presioa lasaitu egingo duela, erratuta" egongo dela, izan ere, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak ezker abertzalearekiko duen "estrategia bateratua"k "elementu pizgarriak eta presioa" ditu neurri berean.
Horren harira, buruzagi jeltzaleak esan du "hori (presio estrategia) bultzatzen duena" ez dagoela "Otegiren elkarrizketa sustatzen duenetik urrun", El Pais egunkariak iragan asteburuan argitaratu zuen elkarrizketaren harira.
ETBren Egunon Euskadi saioan Erkorekak azaldu duenez, gaur goizaldean Segiren kontra izandako polizia-operazioak ez du "berrikuntzarik" suposatzen Gobernu Zentralaren "estrategian".
"Inork pentsatzen badu Gobernuak ezker abertzaleari egiten dion presioa txikituko duela erreakzioak eragiteko, eta ahala bada, adierazpenak eragiteko, erratuta dago", gaineratu du.
EAJren bultzada
Diputatu jeltzaleak aitortu du EAJ Madrilgo Gobernua bakerako agertoki baterantz bultzatzen saiatzen ari dela eta azaldu duenez, denbora "emango diegu egiteko zerbait duten agente guztiei erakundeen egonkortasuna bermatuz", izan ere, "hauteskundeak deitzea ez litzateke ona izango bake testuinguru bat lortzeko bidean".
Erkorekaren arabera, "bakea eta ETAren amaiera ziurtatzeko prozesu bat egiteko, hobe gehiengo sozialen babesarekin egitea", bere alderdiari erreferentzia eginez.
"Harremanak errazteko, arazoak bideratzeko eta oztopoak gainditzeko laguntzeko prest gaudela adierazi dugu, baina diskrezioa eskatzen dugu gai honetan", azpimarratu du.
Lehendakariak euskal alderdi politikoekin egingo duen bilera-sortaren harira, Erkorekak "ongietorria" eman dio lehendakariari, "alderdi politiko nagusiekiko harremanak etenak" baitzituen.