Politika -
Saioa Legebiltzarrean
Batasunaren 'doinu' aldaketa ez dela nahikoa iritzi dio lehendakariak
Dena dela, Patxi Lopezek "indarkeriatik behin betiko aldendu dela erakusteko" eskatu dio ezker abertzaleari.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak adierazi du "Batasunaren mundutik" heltzen diren adierazpenek "beste doinu bat" dutela, baina ez dutela "behin betiko musika" jotzen. Horrenbestez, "indarkeriatik behin betiko aldendu dela erakusteko" eskatu dio ezker abertzaleari.
Eusko Legebiltzarrean gaur goizean egindako kontrol saioan, Aintzane Ezenarro Aralarreko bozeramailea lehendakariari zuzendu zaio, eta ETAren erabakiaren harira aldez aurretik erakutsitako diskurtsoari eusten dion galdetu dio. Izan ere, ezker abertzalearen pausoak ez direla "alferrikoak" izango esan zuen atzo Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak.
Hori horrela, Gasteizko Gobernuko buruak ohartarazi du ez direla "nahastu" behar "desioak eta errealitatea", eta ezker abertzalea "adierazpenetik ekintzetara" pasatu behar dela, hots, "indarkeriatik behin betiko aldendu dela erakutsi" behar duela.
Segiren aurka gaur abiatutako operazioari dagokionez, Ezenarrok ziurtatu du Zapateroren aipatu hitzek PPn piztu duten "urduritasuna" dela-eta egin dutela.
"PSOE-EAJ akordioak salbatu egin du herrialdea"
Estatuko Aurrekontuak onartzeko PSOEk eta EAJk adostutako akordioa ere hizpide izan du Lopezek, eta herrialdearen ekonomia "salbatu" egin duela eta "hondamendia galarazi" duela nabarmendu du.
Akordio horri buruz UPyDk eta EBk galdera egin diote, eta hark zera erantzun die, berak lortu nahi zuela enplegu politika aktiboen transferentzia, baina PSOE-EAJk akordioak galarazi egin diola.
Gobernuak presoen argazkiak kentzen jarraituko du
Bere aldetik, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak ziurtatu du ETAko presoen argazkiak eta "biktimentzat iraingarri" diren beste ikurrak kentzen jarraituko dutela. Halaber, ETAko kideak ez direla "heroiak", "hiltzaileak eta terroristak" baizik, azpimarratu du.
Duela aste batzuk, ETAko presoen argazkiak erakustea ez dela beti delitu ebatzi zuen Auzitegi Nazionak, eta gaur EAk epai horri buruz galdetu dio Aresi.
Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak adierazi du argazki horiek erakusteak "sakabanaketa salatzea eta presoen eskubideak aldarrikatzea" duela helburu, eta beraz, biktimak erabiltzeari uztea eskatu dio sailburuari.
Bere aldetik, Rodolfo Aresek berretsi egin du epaiak ez duela galarazten "biktimentzat iraingarri diren ikurrak" kentzea.
Celaak ukatu egin du Bake Planean atzerapenak daudela
Bestalde, Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak ukatu egin du Bake eta Bizikidetza Planak atzerapenak izatea.
Mari Mar Blanco PPko legebiltzarkideak gogorarazi du plana ikasturte honetako hasieran ezartzekoa zela, baina azkenean 2011ko lehen hiruhilekora atzeratu dutela.
Dena dela, Celaak erantzun du ez dela atzerapenik jazo, eta are gehiago, "aurreratu" egin dutela.
Izan ere, bere hitzetan, hainbat gauza egin dituzte dagoeneko planaren harira, hala nola irakasleak prestatzen hastea.