Politika -
Auzitegi Nazionala
Asier Rodriguez espetxeratuta, patruila bati ustez eraso egiteagatik
Ismael Moreno epailearen galderak erantzuteari uko egin dio. Rodriguez ostegunean atxilotu zuten Ortuellan.
Erredakzioa
Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko 2. zenbakiko Instrukzio epaileak atzo, osteguna, atxilotutako Asier Rodriguez Lopez espetxera bidali du, Portugaleten 2001ean Ertzaintzaren auto baten kontra izandako erasoa leporatuta, Europa Press agentziak zabaldu duenez. Erasoan bi agente larri zauritu ziren.
Atxilotua gaur galdekatu du epaileak, baina urte horretako abuztuaren 5ean molotov koktelen bidez egindako erasoaren inguruan egin dizkion galderak erantzuteari uko egin dio.
Rodriguez Lopezi Portugaleteko Kristo Plazan (Bizkaia) BBKren kutxazain bati eraso egitea ere leporatzen diote, hainbat kalte eraginda.
Erasoa egin zutenean, Ertzaintzaren auto bat sua piztu zuten lekura bertaratu zen eta talde batek molotov koktelak jaurti zizkien agenteei. Erasoaren ondorioz bi agenteek zauri larriak izan zituzten.