Politika -
Euskadiko Eguna
Lehendakaria: 'Legearekin eta hitzarekin gaindituko dugu terrorismoa'
"ETAk arauari eraso egin dio sistematikoki", esan du Lopezek Estatutuaren 31. urteurreneko ekitaldian.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariaren hitzetan, "terrorismoa Legearen eta hitzaren bidez gainditua izango da"; izan ere, "ezin dugu onartu terrorismoak bere intolerantziaren fruitu pozoitzailea uztea".
"ETAk Estatutuari eraso egin dio sistematikoki", baina egun "askatasunak borroka hori behin betiko irabazten ari dela" esan du Lopezek Gernikako Estatutuaren 31. urteurrena ospatzeko ekitaldian.
Lehendakariaren aburuz, "bide egokian gaude"; izan ere, "guztiek dakite, abertzaleek ere, hau bukaera dela, eta amesgaiztoa amaitzeke dagoela".
Dena den, une hauetan "lasaitasuna eta adimena behar dugula" esan du, "akatsak garesti ordaintzen direlako".
Ildo horretan, "eskuak zabalik izango ditut", azaldu du. "Batekin legea defendatuko dut; gure askatasun eta tolerantzia eredua, eta ideia demokratikoen sendotasuna aldarrikatuko dut".
"Beste eskuarekin demokraziaren bidea erakutsiko dut. Berdintasuna eta aniztasuna errespetatzen dutenentzako, eta beldurraren kateak apurtzen dituztenentzako atea zabalik egongo da".
"Euskaldunok urteak eman ditugu amets baten atzetik: terrorismoaren mehatxurik gabe bizitzeko ametsa. Norberak bere iritzia emateko beldurra ez izateko ametsa", adierazi du.
Lehendakariaren hitzetan, "zantzu odoltsuez egindako bidea izan da, eta askatasuna defendatzeagatik sufrimenduz beteta".Datorren urtera begira (urriaren 25a jaieguna izango da), "euskaldunen arteko elkargunea zabalagoa izatea" eta "terrorismoarekin behin betiko bukatzea" espero du Patxi Lopezek. "Egun hori benetan, egun handia izango da euskaldunentzat".
Espainiako Gobernuaren eta EAJren artean Estatutua garatzeko akordioaren harira, "berri ona" dela esan du.
Lehendakariarentzat Estatutua "euskal hiritarren elkargunea da, orain arte eraikitzen lortu dugun plazarik handiena".
Ekitaldia, lehendakaritzan
500 bat lagun bildu dira Estatutuaren 31. urteurrena ospatzeko astelehen honetan Lehendakaritzan, Gasteizen. Ekitaldian, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Ramon Jauregui Presidentziako ministro berria, Javier Rojo Senatuko presidentea, Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidentea edo Patxi Lazcoz Gasteizko alkatea izan dira.
Lan Onari sariak
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Lan Onari sariak banatu ditu ekitaldian. Besteak beste, Manu Leguineche idazle eta kazetaria (gaixorik dago eta ezin izan da ekitaldira joan), Imanol Arias aktorea, Maria Luisa Laka euskaltzalea, Javier Romazabal enpresaria edo Xabi Alonso futbolaria egon dira sarien banaketan.