Politika -

A21

Independentzia ala 155. artikulua babestea erabakiko du Kataluniak hautetsontzietan

Emaitzen behin-behineko zenbaketa gainbegiratuko du CNIk. 17.000 mosso, polizia nazional, guardia zibil eta udaltzain arituko dira segurtasun dispositiboan.

Langile bat boto-txartelak prestatzen, Bartzelonako udaletxean. Argazkia: EFE
Langile bat boto-txartelak prestatzen, Bartzelonako udaletxean. Argazkia: EFE
CNIk ikuskatuko du Kataluniako kontaketa; aktak publiko egingo dituzte

1:29

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guztira, 5,5 milioi kataluniar daude deituta ostegun honetako hauteskundeetan parte hartzera. Kataluniako autogobernuan eskua sartu duen Konstituzioaren 155. artikulua babestu eta independentzia errefusatu edo subiranotasun prozesuari bultzada bat ematea erabakiko dute herritarrek.

Bestalde, hauteskundeetako emaitzen behin-behineko zenbaketa gainbegiratuko du Inteligentzia Zentro Nazionalak (CNI). Zibererasoak eta sare sozialetan desinformazioa edo ?fake news? delakoak saihesteko plan bat martxan jarri du Kriptologia Zentro Nazionalak (CCN).

Gainera, 17.000 mosso, polizia nazional, guardia zibil eta udaltzain arituko dira segurtasun dispositiboan, aurreko hauteskundeetan baino askoz ere gehiago.

Parlamentuak aldarrikatutako Errepublika, ñabardurekin, martxan jarri nahi duten hiru alderdi dira lehian: JuntsxCat, ERC eta CUP; independentzia arbuiatu eta 155. artikuluari babesa eman dioten beste hiru (Cs, PSC eta PP); eta zazpigarren bat (CatECP), 155. artikuluaren eta aldebakarreko independentziaren aurkakoa.

Inkestek Parlamentu oso zatitu bat iragarri dute. Alderdi bakar batek ere ez ditu 40 diputatu baino gehiago lortuko. Ganberak 135 ordezkari ditu, eta, antza denez, ez da izango 68 diputatuen muga, gehiengo absolutua, gaindituko duen blokerik, eta baten batek egiten badu oso tarte txikiagatik izango da.

Salbuespenezko hauteskunde-kanpaina

Salbuespenezko hauteskunde-kanpaina izan da Katalunian: hauteskundeak Espainiako Gobernuak deitu zituen, 155. artikulua aplikatuta; lau hautagai Bruselan daude (Carles Puigdemont, Meritxell Serret, Toni Comin eta Clara Ponsati) eta beste hiru kartzelan (Oriol Junqueras, Joaquim Forn eta Jordi Sanchez).

Belgikan dauden Kataluniako Gobernuko agintari kargugabetuek hauteskundeen jarraipen paraleloa egingo dute ostegun honetan, Bruselako Square-Brussels Meeting Centren. Puigdemont, Comin, Ponsati, Puig eta Serret bertan izango dira 17:30etik aurrera, egunean zehar gertatzen dena jarraitzen, horiengandik hurbil dauden iturriek jakitera eman dutenez.

KATALUNIA HAUTESKUNDEAK HAUTESTONTZIA EFE

Behargin bat hautetsontzi bat eramaten, Bartzelonako udaletxean. Argazkia: EFE

Inkesten arabera, ERC da faborito nagusia. Subiranotasunaren aldeko ?boto erabilgarria? aldarrikatu du ERCk kanpainan, Ciudadanosen garaipena eragozteko. Kanpainaren hasieran saihestu bazuen ere, hauteskundeak irabazten baldin baditu presidentea, Puigdemont barik, Junqueras izango dela azaldu dute amaieran.

ERCk bloke subiranistaren boto baliagarria aldarrikatu du, eta Ines Arrimadasek (Cs) antzeko zerbait egin du, baina bloke konstituzionalistan. Bere hautagaitza prozesu subiranista bukatzeko eta garai berri bati hasiera emateko boto irabazlea dela ziurtatu du Arrimadasek.

Bruselatik, bere hautagaitzaren transbertsalitatea aldarrikatu du Carles Puigdemont JuntsxCateko zerrendaburuak. ERCrekin borrokatzea saihestu eta PPk, Ciudadanosek eta PSCk osatzen duten ?155.aren hirukoa? garaitzeko beharra azpimarratu du Puigdemontek hitzaldietan.

CUPen ustez, ?ezohiko kanpaina izan da, txarrerako?, hautagai batzuk espetxean baitaude. Hauteskundeetan ezustekoa ematea espero dute antikapitalistek, eta ezkerreko beste indarren anbiguotasunaren aurrean, Kataluniako Errepublika ezartzeko bermea direla azpimarratu du.

Miquel Iceta PSCko hautagaiak Presidentetza eskuratzeko gai dela uste du, eta horren ildotik egin du kanpaina. Zentzu horretan, presidente izateko adostasunak bildu ditzakeen bakarra dela nabarmendu du Icetak. Aldi berean, independentismoarekin bukatu eta Ciudadanosen garaipen batek ekarriko lukeen ?eskuinerako bira? saihesteko hautagaia dela azpimarratu du.

Xabier Garcia Albiol PPCko hautagaiak Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearen laguntza izan du hauteskunde-kanpainan. Eserlekuen galera saihesteko, boto-emaileak ohartarazi ditu Albiolek. Exekutibo konstituzionalista bermatzeko PP indartsu bat behar dela esan du, eta probintzia batzuetan eserlekuak lortzeko ERCrekin eta CUPekin lehian ari direla azaldu.

Azkenik, Puigdemonti eta Arrimadasi babesa ematea baztertu du Domenechek (CatECP), Kataluniako gizartearen zatiketa gainditu eta aldebakarreko bideari uko egiten dion ERC batekin, PPrekin itunak baztertzen dituen PSC batekin eta independenteekin gobernu progresista bat bultzatu nahi duelako.

Epeak

Generalitateko Presidentetzaren legearen arabera, Parlamentuak urtarrilaren 23ra arteko epea du osatzeko, eta otsailaren 6ra arte inbestidura lehen saioa egiteko, eta presidente izendatzea lortu ezean, saioa errepikatu ahal dute, baina apirilaren 7a da epemuga; azkenean, adosten ez badute, hauteskundeak berriro egin beharko dituzte.

Abenduak 21aren ostean, bi zalantza nagusi daude: ERCk irabaziz gero, Junqueras presidentegai izan liteke, kartzelan egon arren? Puigdemont eta gainerako kontseilari kargugabetuak Bruselatik itzuliko dira parlamentari lana egiteko, espetxeratzeko mehatxua izan arren?

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken albisteak Politika albisteak Kataluniaren independentzia Gaurko azken orduko albistea Kataluniako hauteskundeak Pere Aragonès albisteak