Politika -
Mugimenduak ezker abertzalean
Alderdi berri bat sortzeko lanean ari dela baieztatu du Batasunak
Txelui Morenok adierazi duenez, "ezker abertzalea lanean ari da berriro legezkoa izateko, Madrilen estatutu berriak aurkezteko eta erakundeetara itzultzeko".
Erredakzioa
Txelui Moreno ezker abertzalearen ordezkariak gaur baieztatu duenez, "legezkoak izateko, alderdi politiko berri bat sortzeko eta Madrilen estatutu berriak aurkezteko lanean ari gara". Oraingoz datarik zehaztuta ez dutela nabarmendu du, baina bere kideak hauteskundeetan egongo direla eta "emaitza oso onak" lortuko dituztela iragarri du.
Onda Vasca irratian egindako elkarrizketa batean, Morenok gogora ekarri du ezker abertzaleak aspaldi esan zuela barne-eztabaida ez zela hauteskundeei begira abiatu, baina hauteskundeak "hor" daudela ere kontuan hartu behar zela.
"Nola ez, hasieratik izan da gure asmoa hauteskundeetara aurkeztea gure lan politikoa egin ahal izateko eta ahalik eta babes handiena lortzeko", erantsi du.
Azken hilabeteetan ezker abertzaleak emandako urrats guztiak ezagutzen galdetuta, ondokoa izan da Morenoren erantzuna: "Gai hauekin erabateko diskrezioarekin jokatu behar da, gure herri txikia da eta guztiok ezagutzen dugu elkar. Alderdi ezberdinen arteko hartu-emanak eman dira eta ematen ari dira. Normala izan beharko litzateke harreman horiek publikoki burutzea".
Gauzak horrela, ezker abertzaleak "lanean jarraitzen du, azken atxiloketak kontuan hartuta kontrakoa eman dezakeen arren", adierazi du Segiren aurkako azken polizia-operazioari aipu eginez.
"Nire iritzian gauzak ondo doaz, batzuentzat agian astiroegi, eta beste batzuentzat ziurrenik azkarregi; baina nik uste dut gauzak aurrera doazela eta azkenean hori dela garrantzitsuena. Beste guztia, norekin biltzen zaren edo ez, anekdota hutsa da; garrantzitsuena da urratsak ematen direla ikustea", azaldu du.
2011ko hauteskundeen harira galdetuta, bere burua hautagaitza-zerrenda batean ikusten ez duela esan du, bere asmoa politikari izatea ez delako eta gustuko ez duelako. Alabaina, bere ideologia-kideak hauteskundeetan egon egongo direla azpimarratu du eta, gainera, "emaitza oso onak lortuko dituzte".
Ildo horretan, Morenok esan du "estatutu berriak, izen berri bat eta alderdi politiko berri bat" sortzeko lanean ari direla. "Horretan ari gara, baina oraingoz ez dago datarik zehaztuta", gaineratu du.
Epeak bete nahi dituztela eta 2011ko maiatzeko hauteskundeetan parte hartu ahal izateko asmoarekin lanean ari direla adierazi du.