Politika -

Espainiako erregearen mezua

Felipe VI.aren mezua kritikatu dute EAJk, EH Bilduk eta Ahal Duguk

EAJk salatu du Espainiako erregeak "aldarrikapen nazionalei" entzungor egiten diela. EH Bilduk ohartarazi du Espainiako Gobernuak "edozein unetan" ezar dezakeela 155. artikulua Euskal Herrian.

Aitor Esteban, EAJren bozeramailea. Artxiboko argazkia: EiTB
Aitor Esteban, EAJren bozeramailea. Artxiboko argazkia: EiTB
Aitor Esteban, EAJren bozeramailea. Artxiboko argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako errege Felipe VI.ak atzo gauean eman zuen Gabonetako mezuaren ondorengo erreakzioak plazaratu dituzte euskal alderdiek astelehen honetan.

Euskadi eta Kataluniako "errealitate nazionalak saihesten jarraitu" izana deitoratu du EAJk. Ildo horretatik, "betiko hitzaldia" izan dela kritikatu dute jeltzaleek, "baina aurten zelofan progresistarekin bilduta" etorri dela adierazi dute.

Aitor Esteban EAJren bozeramaileak "balorazio positiboa" egin du Felipe VI.ak "orain arte aipatu ez dituen hainbat gairi buruz" hitz egin izanaren inguruan, baina "1.425 hitzek osatu zuten hitzaldian" ustelkeriari "40 hitz besterik ez" eskaini izana kritikatu du.

Testuinguru horretan, Felipe VI.aren mezua "elkarrizketa baino gehiago, ohartarazpena" izan zela esan du Estebanek. "Legea betetzeko ohartarazpena izan zen, baina koma bat mugitu gabe", gaineratu du.

Beste alde batetik, Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatuak esan du Felipe VI.ak "Estatu autoritario eta antidemokratiko bat" irudikatzen duela. Bere esanetan, "edozein unetan etor dakiguke 155. artikulua, eskubideen murrizketa eta eskubide sozial eta nazionalen ukazioa".

Urrian emandako hitzaldian, "Estatuko sektore atzerakoienean" kokatu zela esan du Beitialarrangoitiak, eta, "atzera egin ordez, berriro sektore atzerakoienen gidaritzan" kokatu dela salatu du. Hala, "Estatu espainiarrean bizitzera behartuta dauden herrien eskubide sozial eta nazionalak murriztearen alde" egin duela kritikatu du.

Arrazoi horregatik, Euskal Herrian "gehiengo demokratiko bat" osatzeko premia luzatu du EH Bilduko diputatuak, "euskal errepublika eraikitzeko bidean urratsak ematen jarraitzeko".

Ahal Dugu Euskaditik, Eduardo Maurak adierazi du Felipe VI.aren mezua "ikusi eta entzun nahi ez duen errege baten hitzaldia" izan zela. Hala, herritarrek buruan dituzten kezkei eta arazoei erantzun bat emateko gaitasunik ez duela salatu du.

Ildo horretatik, instituzioek aurrera eraman behar dituzten aldaketen beharraz eta Estatuak etorkizunean izango dituen erronkei buruz hitz egin beharrean azken 40 urteen inguruan asko hitz egin izana deitoratu du Maurak.

Kataluniaren inguruan esandakoari dagokionez, urriaren 3an egin zuen hitzaldiarekin alderatuta atzo "adiskidetasunerako eta elkarrizketarako mezua" ulertu zuen Podemoseko diputatuak.

Amaya Fernandez Euskadiko PPren idazkari nagusiaren iritziz, Felipe VI.ak "arduraz jokatzeko deia" egin zuen. Bere ustez, "hein batean EAJri eta Podemosi zuzendu zitzaien, Bilduk erakarri ez diezaien".

"Normaltasun instituzionala, soziala, ekonomikoa eta politikoa berreskuratzeko eskubidea dute Kataluniako herritarrek", esan du Fernandezek.

Arrazoi horregatik, Euskadiko PPren idazkari nagusiak Espainiako erregearen mezuaren irakurketa positiboa egin du, "gaur egun herrialdeak bizi duen egoera politikoarekin bat etorri delako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak PNV-EAJ Espainiako Felipe VI.a albisteak Espainia argazkiak Alderdi politikoak EH Bildu Araba Euskadiko PP berriak Albisteak Euskadiko Podemos-eko albisteak Amaya Fernández azken ordukoa