Politika -

Ertzaintzaren operazioa

Gizon bat atxilotu dute kale borrokarekin lotuta, Zornotzan

Igor Zearretari Soraluzen 2005ean izan ziren "eraso, sabotaje eta istilu larrietan" parte hartzea leporatzen diote. "Ekintza terrorista guztiak argitu arte" lanean jarraituko du Ertzaintzak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzaren Informazio eta Terrorismoaren Kontrako Taldeak Igor Zearreta Garai atxilotu du gaur goizaldean Zornotzan, 2005ean Soraluzen izan ziren "eraso, sabotaje eta istilu larrietan" parte hartzeagatik talde terroristako kide izatea leporatuta, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.

Aipatu iturriek zehaztu dutenez, Auzitegi Nazionalaren 3. Instrukzio Epaitegiak irekitako izapideen harira iritsi da gaurko polizia-operazioa. Ertzaintzaren arabera, aipatu istiluak "ETA erakunde terroristaren estrategiaren baitan" daude.

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak azaldu duenez, operazioa "irekita" dago. "Ekintza terrorista guztiak argitu arte" Ertzaintzak lanean jarraituko duela ohartarazi du.

2005eko martxoaren 12an, Juan Jose Urrutia Pla ETAko kidea Uruguayn hil zela salatzeko manifestazio baten ostean, kaputxadun talde batek, "oso ondo antolatuta eta koordinatuta, molotov koktel kimikoak erabiliz, manifestazioa kontrolatzen ari ziren ertzainei eraso egin zien, BBVAren sukurtsal bat erre zuen eta PSEren egoitzari ere gauza bera egiten saiatu zen. Gainera, kaosa eragin zuen kontainerrei su emanda", Ertzaintzak azaldu duenez.

Miaketa

Ertzaintzak 10:00ak aldera amaitu du Igor Zearretaren etxebizitzaren miaketa. Lekukoek jakinarazi dutenez, agenteak atxilotuarekin batera atera dira etxebizitzatik eta bost kaxa inguru eraman dituzte.

Miaketa Abasolo Apezpikua kaleko bigarrenean izan da eta atxilotua Auzitegi Nazionalaren esku geratu da orain.

Lehen ere atxilotua

Zearreta behin baino gehiagotan atxilotu dute. 2005eko maiatzaren 9an Guardia Zibilak atzeman zuen ustez ETAri laguntzeagatik, baina lau egun geroago libre geratu zen fidantzapean.

2007ko abenduaren 17an Ertzaintzak atxilotu zuen Auzitegi Nazionalaren agindu bati jarraiki, ETAko informazio sareko kide izatea leporatuta, baina orduan ere aske utzi zuten.

Aurten, apirilean, Ertzaintzak atxilotu zuen berriro identifikatzeari uko egin ziolako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea