Politika -
Anoetako ekitaldia
Eguigurenek lekuko gisa deklaratuko du Otegiren kontrako epaiketan
PSE-EEren presidenteak Auzitegi Nazionalaren zitazioa jaso du eta agintari sozialistak jakinarazi du ahozko epaiketan egongo dela, "Justiziari laguntzeko".
Erredakzioa
Jesus Eguiguren PSE-EEren presidenteak Auzitegi Nazionalaren zitazioa jaso du Arnaldo Otegi Batasunaren bozeramaile ohiaren kontrako epaiketan, azaroaren 11n, defentsaren lekuko gisa deklaratzeko.
Eguigurenek esan du Auzitegi Nazionaleko ahozko epaiketan izango dela "Justiziari laguntzeko".
Otegiri, Joseba Permachi eta Joseba Alvarezi terrorismoa goratzea leporatzen diete 2004ko azaroan Anoetako Velodromoko ekitaldian parte hartzeagatik. Fiskaltzak 18 hilabeteko kartzela-zigorra eta 12 urteko kargugabetzea eskatzen du; Ermua Foroak, berriz, bost urteko kartzela-zigorra eta 20 urteko kargugabetzea terrorismoa goratzea, desobedientzia, legez kanpoko bilera egitea eta prebentziozko neurriak urratzea leporatuta.