Politika -
PSE-Batasuna bilera
ETArekin eta Batasunarekin ez "korapilatzeko" eskatu du Jaurlaritzak
Idoia Mendia bozeramaileak errefusatu egin du PSEren eta Batasunaren arteko balizko akordioaz hitz egin, eta sozialistek ukatu egin dutela gogorarazi du.
Erredakzioa
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ohartarazi du, ETAren eta Batasunaren egoerei buruz, batzuetan "desioak eta errealitatea" ez nahasteko, erakunde terroristak ez baitu erakutsi armak uzteko "asmoa" duenik. Horrenbestez, gai honetan ez "korapilatzeko" eskatu du.
Mendiak prentsaurrekoa eskaini du Gasteizen, Gobernuak 2011ko Aurrekontuak onartu eta gero. Bertan, Jaurlaritzako bozeramaileak errefusatu egin du hizpide hartzea PSE-EEk eta Batasunak ustez duela hilabete egindako bilera, eta sozialistek ukatu egin dutela gogorarazi du.
Eledunak berretsi du Jaurlaritzaren jarrera "argia" dela eta "ekintzen garaia" dela, "ez adierazpenena". Horren ildotik, pilota "ezker abertzalearen teilatuan" dagoela nabarmendu du. Horrenbestez, berriz legezkoa izan nahi badu, "legea bete" beharko duela esan du.
ETAri dagokionez, zurrumurruak zurrumurru, oraindik ez duela armak uzteko "asmorik" erakutsi ohartarazi du.