Politika -

Elkarrizketa ETBn

Eguiguren: 'Hobe litzateke Otegi kalean egongo balitz politika egiten'

Bestalde, PSE-Batasuna bilera egin izan balitz "horren larria" irudituko ez litzaiokeela esan du eta "zuhurtziarako, seriotasunerako eta alderdien batasunerako garaia" dela nabarmendu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSE eta ezker abertzalearen balizko bileraren harira sortutako polemikaz galdetuta, Jesus Eguigurenek adierazi du bere alderdiak esandakoari eusten diola, baina litzaiokeela "horren larria" irudituko batzar hori egin izana.

Horrez gain, Arnaldo Otegi ezker abertzaleko bozeramaile izandakoak "bakea" nahi duela eta, beraz, "kalean politika egiten" egongo balitz "hobe" izango zela azpimarratu du.

Eguigurenen esanetan, Otegi konbentzituta dago "borroka armatuak jada zentzurik ez duela, instituzioetan jardun behar dela eta bakea erdietsi behar dela". Ezker abertzalearen gehiengoak ere pentsaera bera daukala iritzi dio. "Nik uste dut Otegi bakea nahi duen gizona dela", erantsi du.

Hori bai, Otegi espetxetik ateratzea edo ez epaileen eta kartzela-zuzendaritzaren esku dagoela esan du.

ETBn egindako elkarrizketan, Alderdi Sozialistako eta ezker abertzaleko ordezkariek bilera egin dutela dioten informazioen inguruko galderak erantzun ditu.

Bai PSEk bai ezker abertzaleak gezurtatu egin dute berri hori eta Eguigurenek esan du bere alderdiak adierazitakoarekin bat datorrela. Alabaina, bilera hori burutu izan balitz "horren larria" ez litzatekeela izango azpimarratu du.

Honen guztiaren atzean dagoen arazoa ezker abertzalea "legez kanpo" dagoela dela esan du eta komunikabide ezberdinetan argitaratutako albiste honek sortutako polemikaren harira Espainiako Alderdi Popularraren jarrera kritikatu du.

"Euskadiko PP lasaitasun nahikoarekin jarduten ari den bitartean, garrantzirik ez duten gertaeretatik aztoratu eta oposizioa egiten saiatzen da Espainiako PP", kritikatu du.

Ildo horretan, Eguigurenek azpimarratu du "zuhurtziarako garaia" dela, "seriotasunarena eta alderdien batasunarena, ETAren amaierarako prozesua ahalbidetzeko".

ETAk eman dezakeen hurrengo urratsaz galdetuta, Eguigurenek kritikatu du duela egun gutxira arte guztiak "eszeptikoak" zirela, baina&' || 'nbsp; "orain, egun batetik bestera, denak epeetaz" hitz egiten ari direla.

"Guztia astiro joango dela iruditzen zait, eta emango diren urratsak argiak izango ez direla. Baina badirudi ETAren hurrengo komunikatua Gernikako Itunaren eta Bruselako Adierazpenaren ingurukoa izango dela", azaldu du. Nolanahi ere, agiria denen gustukoa izango ez dela uste du, "armak uzten dituela iragarriko ez duelako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea