Politika -
KATALUNIA
Arrimadas: 'Presazkoena independentistek Mahaian gehiengoa izatea eragoztea da'
Are gehiago, Ciutadanseko buruzagiak ez du baztertzen Parlamentuko Mahaiaren osaketari begira komunekin itun bat egitea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ines Arrimadas Ciutadanseko buruzagiak ziurtatu duenez, bere alderdiarentzat "premiazkoena" Kataluniako Parlamentuko Mahaiko presidentzia lortzea edota independentistek berriro ere gehiengoa izatea eragoztea da. 2017ko abenduaren 21eko hauteskundeetan, Ciutadans nagusitu zen botoetan eta eserlekuetan, baina independentistek gehiengoari eutsi zioten, 135 eserlekutatik 70 lortuta.
Onda Cero irrati kateari eskainitako elkarrizketan, Arrimadasek ez du baztertu Parlamentuko Mahaiaren osaketari begira alderdi ez independentisten arteko ituna egitea, Catalunya en Comú - Podem (CatECP) barne. Balizko akordio horrekin Junts per Catalunyak eta ERCk Mahaiko 7 eserlekuetatik 4 ez izatea lortu nahi luke.
Mahaiko presidentea izateko Ciutadansen hautagaia zein izango litzatekeen galdetuta, Arrimadasek azaldu du bere alderdiak ez duela horren inguruko erabakirik hartu. Dena dela, orain arte Mahaiako bigarren presidenteordea izan denak, Jose Maria Espejo-Saavedrak, "profil onena" duela uste du.
Hurrengo presidentearen aukeraketa
"Guk mundu guztiarekin hitz egingo dugu" eta nabarmendu du zenbait hautetsi kartzelan edota Belgikan daudela aintzat hartuta, zail ikusten du independentistek hurrengo Generalitateko presidentea aukeratzeko adina boto eskuratzea. Horrenbestez, ez du baztertzen Generalitateko presidente izateko bere burua aurkeztea baldin eta Carles Puigdemont izendatzeko negoziazioek aurrera egiten ez badute.