Politika -

Auzitegi Gorena

Junquerasek libre uztea eskatu du: 'Elkarrizketa bilatzen duen bake gizona naiz'

Oriol Junquerasek espetxean jarraitu behar duela berretsi dute Fiskaltzak eta herri-akusazioak. Datozen egunetan hartuko dute erabakia Auzitegi Gorenean.

Andreu Van den Eynde, Oriol Junquerasen abokatua. Argazkia: EFE
Andreu Van den Eynde, Oriol Junquerasen abokatua. Argazkia: EFE
Oriol Junquerasek aske utzi dezaten eskatu du

1:38

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oriol Junqueras Kataluniako Gobernuko presidenteordeak libre utz dezatela eskatu du gaur goizean Auzitegi Gorenean, Kataluniako gatazka politikoa “elkarrizketaren bidez” konpondu nahi duen “bake gizona” dela argudiatuta.

ERCko buruzagia joan den azaroaren 2an espetxeratu zuten, matxinada, sedizioa eta diru publikoa bidegabe erabili izana leporatuta.

Junquerasek indarkeria arbuiatzen duela eta bide politikoak eta baketsuak defendatzen dituela aldarrikatu du epaileen aurrean. Hori dela eta, aske uzteko eskatu du, abenduaren 21eko hauteskundeetan lortutako diputatu karguan aritu ahal izateko.

Fiskaltzak eta herri-akusazioak (Vox alderdi ultraeskuindarra) Junqueras libre uztearen kontra azaldu dira, urriaren 1eko erreferenduma eta urriaren 27ko independentzia aldarrikapena ekarri zituen prozesu soberanistaren “bultzatzailea” dela iritzita.

Areago, Kataluniako Gobernu berriko kide izendatuz gero ere, Junquerasek behin-behineko espetxealdian segitu beharko lukeela esan dute.

Miguel Colmenero, Francisco Monterde eta Alberto Jorge Auzitegi Goreneko epaileek aztertuko dute Junquerasen kasua. Datozen egunetan hartuko dute erabaki bat.

Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu zuen Junqueras kartzelatzea, auzia Gorenaren esku utzi aurretik.

Askatasuna edo Kataluniara hurbiltzea

Bestalde, Andreu Van Den Eynde abokatuak azaldu du Junqueras libre uzteko erabili dituen argudio nagusiak hiru izan direla: deliturik egiteko arriskurik ez dagoela, matxinada deliturik izan ez dela eta indarkeria ekintzetan parte hartu ez duela.

Horrela bada, Junqueras libre uzteko eskatu die epaileei, eta hala egin ezean, gutxienez Kataluniako kartzela batera eraman dezatela.

Erabaki hori, baina, Pablo Llarena instrukzio epaileak hartu beharko luke eta, beraz, harengana joko dute orain. “Behar haina alditan eskatu dugu”, azpimarratu du Van Den Eyndek.

Kataluniako Parlamentua urtarrilaren 17an eratuko da eta Generalitateko presidente berriaren inbestidura-ekitaldia otsaila hasieran izango da. Junquerasek bi saio horietan egoten ahaleginduko da defentsa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia egoera politikoa Politika Kataluniako erreferenduma Auzitegi Gorena bideoak Gaurko azken ordukoa Kataluniako hauteskundeak