Politika -
Presoak
Sarek deitutako martxan Bilboko kaleak 'lepo betetzea' eskatu du Etxeratek
Elkarteak prentsaurrekoa eman du Hernanin, eta Espainiako eta Frantziako estatuek “salbuespen politikak mantentzeko duten erosotasuna” kritikatu du agiri batean.
Agentziak | Erredakzioa
Sare Herritarrak urtarrilaren 13rako deitu duen manifestazioan Bilboko kaleak “lepo betetzea” eskatu du gaur Etxerat Euskal Preso eta Iheslari Politikoen Senide eta Lagunen Elkarteak.
Elkarteak prentsaurrekoa eman du Hernanin (Gipuzkoa), eta Espainiako eta Frantziako estatuek “salbuespen politikak mantentzeko” eta konponbidea “blokeatzeko” duten “erosotasuna” kritikatu du agiri batean.
2017an zehar pauso “oso garrantzitsuak” eman direla azpimarratu du elkarteak, besteak beste, apirilaren 8an, Baionan, gertatu zen “ETAren armagabetzea” eta Parisen, abenduaren 9an, presoen alde egin zuten manifestazioa.
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) 2017an planteatutako “erabaki eta erronka berriak” baikor hartu ditu Etxeratek, eta Foro Sozialaren lana goraipatu du, Eusko Legebiltzarreko eta Nafarroako Parlamentuko “gehiengo zabal bat gaixotasun larriak dituzten presoentzako irtenbide baten alde” agertzea ahalbidetu zuelako.
“Borondate falta eta ankerkeria”
Etxeraten hitzetan, ETAk armak behin betiko uzten zituela iragarri zuenetik sei urte pasa dira dagoeneko, baina Espainiako eta Frantziako estatuek euren “borondate falta eta ankerkeria argi uzten jarraitzen dute”. Horregatik, egoerarekin bukatzeko “aurrera egiten jarraitzea gizarte osoaren ardura” dela erantsi du elkarteak.
Bestalde, afiliatu guztiei manifestazioan parte hartzeko dei egin dien ELA sindikatu abertzaleak.
2017an zehar “euskal preso politikoen aintzatespenean eta eskubideen aldarrikapenean” emandako pausoak baloratu ditu sindikatuak agiri batean, baita Euskadiko eta Nafarroako indar politikoen gehiengo zabal batek gaixotasun larriak dituzten presoak askatzeko egindako eskakizuna ere.
Era berean, Steilas sindikatuak mobilizazioarekin bat egin du. Azken hilabeteetan bizikidetza eta adiskidetzea diseinatzeko “premiazko beharrizanean” aurrerapausoak eman direla goraipatu du sindikatuak, baina Gobernu zentralak “mendeku espetxe politika eta presoen zein haien senideen eskubideak urratzen” dituela kritikatu du. “Oso larria da”, gaineratu du.
Podemosek militanteen esku utzi du erabakia
Bestalde, manifestazioan parte hartzeko azken erabakia militante “bakoitzaren esku” utzi du Podemosek.
Euskadiko eta Nafarroako Podemosek agiri bateratua argitaratu dute. Deialdiaren “oinarri zabal” bat partekatzen dutela azaldu du alderdi moreak, baina “birgizarteratzea, presoek egindako kaltea onartzea, sufrimendu bidegabea eta indarkeriaren deslegitimazioa” faltan botatzen dituztela erantsi du.