Politika -
Enpleguaren transferentzia
Ortuzarrek dio EAJ dela 'Madrilen euskal ordezkari lana egiten duena'
Jose Antonio Pastor PSEren bozeramaileak dio "Gobernu sozialista" izan dela azkenean "Gernikako Estatutua ia osorik bete duena". PPk, berriz, transferentzia nola adostu duten kritikatu du.
Erredakzioa
Andoni Ortuzar EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidenteak esan du transferentzien eta Estatutuaren garapen alorrean jeltzaleak direla "janaria prestatzen dutenak" gero PSEk "jangelan banatzeko".
Ortuzarrek enplegu politika aktiboen transferentzia izan du hizpide "oso albiste ona" dela esateko, "ekonomia krisi garaiotan".
"Guk ez dugu politika argazkian ateratzeko egiten. Euskal gizarteak badaki nork lortu duen Euskadirentzat transferentzia hori eta atzetik etorriko diren gainerakoak. Argi geratu da EAJ dela Madrilen bitartekari lana egiten duena, eta honakoa esan dezakegu: batzuek janaria prestatzen duten bitartean, besteei jangelan banatzea egokitzen zaie", adierazi du buruzagi jeltzaleak.
Gobernu sozialista Estatutua betetzeko
Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak, bere aldetik, azpimarratu du "Gobernu sozialista bat" izan dela "Gernikako Estatutua ia osorik betetzea lortu duena". Gainera, Enplegu politika aktiboen transferentzia negoziatzeko prozesua "Eusko Jaurlaritzara iritsi eta lehenengo minutuan" hasi zutela azaldu du Pastorrek.
Pastorrek adierazi duenez, "hilabete batzuk igarota, herritarrek hemen gertatzen denari buruz gogoeta egiten dutenean, argi izango dute Gobernu sozialista izan dela Estatutua ia osorik betetzea ekarri duena".
Transferentzia iragan ostegunean sinatu ondoren, "orain kudeatzea" dagokiela azpimarratu du. "Oso eskumen garrantzitsua da, langabeziaren kontra borroka egiteko tresna izango da eta lehendik ere aurrekontuetan aurreikusita bazegoen ere, orain onarpen ofiziala eman diogu", buruzagi sozialistaren esanetan.
40 milioi urtero
Leopoldo Barreda EAEko PPren bozeramaileak, kontrakoz, "adostutako formula" ogasun publikoarentzat "ziurrenik txarra" izango dela eta "urteko 40 milioi euroko kostua" izan dezakeela ohartarazi du.
Barredak gogorarazi du EAEkoa izan dela Enplegu politika aktiboen eskumena jaso duen "azken erkidegoa", nahiz eta "lehenengoa izan negoziatzen".
Horren harira, Barredak uste du adostutako formulak asko duela "nazionalisten apeta politikotik" eta "ziurrenik txarra" izango dela ogasun publikoarentzat.
"EAJk duela urtebete eman zituen datuen arabera, eguneko 100.000 euro inguru, hau da, urteko 30 edo 40 milioi euro inguru, kostako zaigu transferentzia", buruzagi popularraren arabera.