Politika -
Elkarrizketa
Bere burua Mandelarekin alderatu du Cubillasek
Bere kontrako auzi judiziala "ezer-ezean geratuko" dela adierazi du ETAko ustezko kideak, "ezer ez dagoelako".
Erredakzioa
Bere kontrako auzia "ezer-ezean geratuko" dela uste du Arturo Cubillas Fontan ETAko ustezko kideak. Era berean, "noizbait" Euskadira itzuliko dela ziurtatu du eta bere burua Nelson Mandela Hegoafrikako presidente ohiarekin alderatu du Cubillasek, izan ere, hiltzaile eta terrorista deitu zioten hasiera batean hari ere, baina geroago eskua eta Nobel saria eman zioten.
TeleSur telebistan egindako elkarrizketan, terrorista deitzen dutenean nola sentitzen den galdetu diote Cubillasi. "Esaten dutena ez zait axola, nork esaten duen baizik, benetan hori dagoelako atzean", adierazi du ETAko ustezko kideak. "Terrorista eta hiltzaile jende askori deitu izan zaio munduan, eta geroago eskua eman diete. Adibiderik adierazgarriena nahiz eta oraintsukoa ez izan Nelson Madelarena da; zenbatek deitu zioten hiltzaile eta terrorista? Gero eskua eta Nobel saria eman zioten", Cubillasen hitzetan.
"Ez dut armadurarik jartzen, baina benetan min ematen du, nork esaten duen ikusita, baina kasu honetan ez dit minik ematen. Noizbait Euskadira itzuliko naizela ziur nago", erantsi du Cubillasek elkarrizketan. Bestalde, ezkerrekoa dela azaldu du Cubillasek, baina ETAkoa denik ukatu du.
Era berean, bere kontrako auzi judiziala (ETAko kide izatea eta erakunde terroristako zenbait kide trebatzea egotzita estradizioa eskatu du Espainiak) "ezer-ezean geratuko" dela adierazi du ETAko ustezko kideak, "ezer ez dagoelako". "Venezuelari egindako kalte handia geratuko da soilik", zehaztu du Cubillasek. "Gobernuan Hugo Chavezen lekuan, Carlos Andres Perez egongo balitz, ez litzateke halakorik gertatuko", erantsi du.