Politika -
Podemos
Laura Perezek auzitegira joko du, Podemosen zuzendaritzaren aurka
Kargutik kendu arren, bere ardurak betetzen jarraituko duela adierazi eta Nafarroara aldaketa ekarri duen gobernuarekiko konpromisoa berretsi du.
Agentziak | Erredakzioa
Laura Perez Nafarroako Podemosen idazkari nagusi ohiak iragarri du auzitegira joko duela alderdi horretako zuzendaritzaren kontra, kargutik kentzeko erabili dituen argudioak "erabat faltsuak" direla iritzita.
Halaber, parlamentari gisa dituen ardurak betetzen jarraituko duela eta aldaketaren gobernua arriskuan ez dagoela azpimarratu du.
Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian, Perezek esan du zuzendaritzarekin kritiko izan delako ireki diotela espedientea.
"Alderdiarekiko eta laukoarekiko leialtasunez, kritiko izan naiz, baina kritika horiek barne egituretan adierazi ditut beti, Podemosek politika apurtzaileagoak egin behar dituela eta barne demokrazia hobetu behar duela defendatu dut; eta espediente hori kritikoen kontrako jazarpenaren baitan kokatu behar da", azaldu du.
"Oraingoan, baina, urrunegi joan dira", erantsi du. Hori dela eta, bere burua defendatzeko auzitegira jotzea erabaki du, alderdiaren baitako bideak ere baliatuko baditu ere.
Salaketa Podemosen zuzendaritzaren kontra jarriko duela zehaztu du eta bera kanporatzeko erabili dituzten argudioak faltsuak direla nabarmendu du.
Egoera larritzat jo badu ere, lasaitasunerako mezua helarazi nahi izan du, eta aldaketarako gobernua arriskuan ez dagoela azpimarratu du.
"Nafarroaren aldaketarako konpromisoa irmoa da, nirea eta nire alboan ditudan beste hainbat lagunena ere", adierazi du.
"Lauko gobernuaren egonkortasuna ez dago arriskuan; adostu genuen programa aintzat hartuta jardun eta bozkatuko dugu aurrerantzean ere", gaineratu du.