Politika -
Kantzelaritzaren agiriagatik
Rubalcabak Espainiako 'haserrea' agertu dio Venezuelari
Espainiako Gobernuaren hitzetan, Venezuelako Kantzelaritzaren agiriko salaketak "onartezinak eta ezin justifikatzekoak" dira.
Redacción
Espainiako Gobernuak "haserre handia" agertu dio Venezuelari bere Kantzelaritzaren agiriagatik. Espainiak ETAren aurkako porrota Hugo Chavezen Gobernuari egotzi izana "koldarkeria politiko hutsa" dela esan du Venezuelak agiri horren bitartez.
Alfredo Perez Rubalcaba lehen presidenteordeak agiri horrek Espainiako Gobernuan eragindako ''haserre handia'' agertu dio Venezuelari. Ildo horretan, gaur goizean Trinidad Jimenez Atzerri Arazoetako ministroak egoneza hori agertu dio Isaias Rodriguez Venezuelako enbaxadoreari Espainian.
Rubalcabaren hitzetan, terrorismoaren aurkako borrokaren arloan Venezuelarekin elkarlana hobetzeko lanean jarraituko du Espainiak.
"Horrek ez du esan nahi onartezinak eta ezin justifikatzeko adierazpenak egiten dituztenean, esate baterako, Kantzelaritzarenak, ez dugunik esango", esan du presidenteordeak.
Atzo Kantzelaritzak agiri batean zabaldu zuenez, "Venezuelako herriak eta Gobernuak ETArekin duen harremanaren" harira Espainiako zenbait ministrok egindako adierazpenak ukatu ditu Hugo Chavezen Gobernuak. Ildo horretan, adierazpen horiek "berehala eteteko" eskatu diete.
Besteak beste, Rubalcabak berak edo Trinidad Jimenez eta Francisco Caamañok egindako "zalantzazko" adierazpenak aipatzen dituzte, baina ez dute zehazten zeintzuk diren adierazpen horiek.