Politika -

Manifestazioa apirilaren 14an

Altsasuko gazte auzipetuen senideek 'berme demokratikoak' eskatu dituzte

“Zentzugabekeria salatzeko eta askatasunaren, justiziaren, giza eskubideen eta Zuzenbide Estatuaren printzipioen aldeko konpromisoa adierazteko manifestazioa” egingo dute Iruñean.

Altsasu Gurasoak eta Altsasukoak Aske herri plataformen prentsaurrekoa. Argazkia: Altsasukoak Aske
Altsasu Gurasoak eta Altsasukoak Aske herri plataformen prentsaurrekoa. Argazkia: Altsasukoak Aske
Altsasu Gurasoak eta Altsasukoak Aske herri plataformen prentsaurrekoa. Argazkia: Altsasukoak Aske

E. L. | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Agerraldi batean Altsasu Gurasoak eta Altsasukoak Aske herri plataformek manifestazioa deitu dute apirilaren 14rako, Iruñean, “berme demokratikoa” eskatzeko. Protesta 17:30ean Golem zinemetan hasi eta Gaztelu plazan amaituko da.

“Pairatzen ari garen zentzugabekeria salatzeko eta askatasunaren, justiziaren, giza eskubideen eta Zuzenbide Estatuaren printzipioen aldeko konpromisoa adierazteko manifestazio hau Nafarroan jendetsuenetariko eta anitzenetariko bat izango delakoaren nahia daukagu”, azaldu dute Itziar Perez eta Isabel Pozueta bozeramaileek. Biek agiri bat irakurri dute euskaraz eta gaztelaniaz.

“Jakingo duzuen bezala, Oihan, Jokin eta Adur etxetik 400 kilometro baino gehiagora daude gaur egun, 400 egun baino gehiago espetxe desberdinetan daudelarik, prebentiboki eta FIES erregimenaren barne; hau da, haien eskubideak nabarmenki ukaturik”, salatu dute.

Jonan, Aratz, Iñaki, Julen eta Ainararen kasuan, hauek behin-behineko askatasunean daude kautelazko neurriekin, hamabostean behin epai-sailean agertu behar direlarik eta mugikortasun mugatua dutelarik”, erantsi dute

Epaiketa apirilaren 16tik 27ra izango da eta fiskalak 375 urteko espetxe-zigorra eskatu du. “Egun horietarako, Oihan, Jokin eta Adurrek urtebete eta bost hilabete beteko dituzte espetxean epaitu gabe. Printzipio demokratikoak dituen edonorentzat astakeri galanta eta onartezina, hain zuzen ere”, kritikatu dute.

80.000 atxikipen baino gehiago

Altsasu Gurasoak taldeak sustatutako manifestuak 80.000 atxikipen baino gehiago bildu dituela gogorarazi dute, “proportzionaltasuna, justizia eta ekitatea eskatuz”, maila politiko eta juridikoan jasotako babesa ere “zabala” da: 194 jurista eta unibertsitateko irakasle; 83 alkate, horien artean, Iruña, Gasteiz, Donosti eta Bilbokoak; Nafarroako Gobernua eta Parlamentua; Madrileko 88 diputatu eta senatari, 8 alderdi politikoren ordezkari direnak, eta Bruselako 52 europarlamentari.

“Imajinaezina den egoera honetan, bermerik gabeko epaiketa baten aurrean gaude. Prozesu honetan hainbat oinarrizko eskubide urratu dira, hala nola, errugabetasunaren presuntzioa, epaile natural eta inpartzialaren eskubidea, defentsarako eskubidea…”, azpimarratu dute.

Bestalde, “ez dago bakarrik gure lagun eta seme-alaben etorkizuna jokoan; gizarte demokratiko baten printzipioak daude jokoan, Zuzenbide Estatu bat dago jokoan”, gogorarazi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Iruñeko bideoak Nafarroa gaur Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Manifestazioak Altsasu albisteak Gazteak Gurasoak albisteak