Politika -
Otegiren kontrako epaiketa
'2004ko Batasuna' epaitu nahi dutela salatu du Goirizelaiak
Defentsa abokatuak berretsi du epaiketak "izaera politiko argia" duela eta "Anoetako proposamena kriminalizatzea" duela helburu.
Erredakzioa
Arnaldo Otegiren, Joseba Permachen eta Joseba Alvarezen kontra ostegunean Auzitegi Nazionalean hasiko den epaiketan defentsa abokatu lanak egingo dituen Jone Goirizelaiak salatu du akusazioaren (Ermua Foroa eta Fiskaltza) idatzian "argi" geratzen dela "ez dela terrorismoa goratzea epaitzen, 2004ko Batasuna, haren ekintzak eta proposamen politikoa, dira epaitu nahi dituztenak".
Epaiketak "izaera politiko argia" duela eta "Anoetako proposamena kriminalizatzea" duela helburu berretsi du. Gainera, euskal gizarteak ez omen du ulertzen "ekitaldi publiko eta politiko batean parte hartzeagatik pertsona batzuk auziperatzea, irtenbideak lortzeko proposamenak" egin dituztenean behinik behin.
Joseba Permach auziperatuak, bere aldetik, epaiketa "bake prozesuaren atarian" egitea kritikatu du, izan ere, "ezker abertzaleak ahal duen guztia egin du eta Gernikako akordioa sinatu du" ETAri "etenik gabeko, alde bakarreko eta egiaztatzeko moduko su-etena" eskatzeko.
"Anoetatik igaro izan ez bagina, ez ginateke gaur egun Gernikako akordioan egongo", gaineratu du Permachek.
Permachek Joseba Alvarezek euskaraz irakurri duen testu berbera irakurri du gazteleraz eta ezker abertzalearen "apustuak" ez duela "egutegiekin edo ekitaldi jakinekin" zerikusirik ziurtatu du. Gainera, "gurpilean makilak sartu arren” (osteguneko epaiketari erreferentzia eginez) lanean jarraituko duela azpimarratu du.