Politika -

Andaluzia

Guerrerok ez deklaratzeko eskubideari heldu dio Andaluziako lan espedienteen auzian

Gaur ekin diote berriro epaiketari, akusatuen deklarazioarekin. Epailearen aurretik igarotzen lehena Andaluziako Juntako Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendari ohia izango da.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andaluziako lan-erregulazioko espedienteen epaiketako zazpigarren saioan, Francisco Javier Guerrero Andaluziako Juntako Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendari nagusi ohiak ez deklaratzeko eskubideari heldu dio eta bere abokatuaren galderei soilik erantzun die. Manuel Chaves eta Jose Antonio Griñan Andaluziako presidente ohiak eta Andaluziako Gobernuko beste 22 goi kargudun epaitzen ari dira Sevillako Probintzia Auzitegian.

Epaimahaiak ahozko epaiketa eten zuen urtarrilaren 15ean aldeek planteatutako aurretiazko arazoak ebazteko, eta gaur ekin diote berriro epaiketari akusatuen deklarazioarekin.

10:30 jotakoan hasi da ahozko epaiketaren zazpigarren saioa, Guerreroren deklarazioarekin. Francisco Javier Guerrerok ez deklaratzeko eskubideari heldu dio, eta ez die aldeek planteatutako galderei erantzun; bai, ordea, bere abokatuaren galderei.

Guerreroren deklarazioa hasi aurretik, auzipetuta dauden Andaluziako Juntako 22 goi kargudunen abokatuek kexa bat aurkeztu dute, besteak beste, epaimahaiak onartu egin dituelako akusazioek eskatutako froga berriak.

Francisco Javier Guerreroren ostean, Antonio Fernandez Lan kontseilari ohiaren txanda izango da. Hala ere, litekeena da bere deklarazioa atzeratzea eskatzea, eztarriko ebakuntza bat izan ondoren afonia baitu.

Bestalde, Manuel Gomez Andaluziako Juntako kontu-hartzaile nagusiaren abokatuak bere bezeroa epaiketan ez egotea eskatu du, haren osasun egoera tarteko. Epaimahaiak onartu egin du eskaera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Berriak Politika Delituak argazkiak Epaiketak argazkiak ABEEE kasuak Ustelkeria politikoa azken albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea