Politika -
Europako Parlamentua
75 europarlamentarik atzera egin dezala eskatu diote Maria Elosegi epaileari
Giza Eskubideen Europako Auzitegiko epaile aukeratu zuten Elosegi. Erabaki horrek hautsak harrotu zituen, epaile donostiarrak adierazpen homofoboak egin izan dituelako.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Europako Parlamentuko 75 diputatuk gutun bana igorri diote Europako Kontseiluari eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiari, Maria Elosegi epaile donostiarrari bere adierazpenetan atzera egin dezala eskatuz.
Joan den urtarrilaren 23an Giza Eskubideen Europako Auzitegiko epaile aukeratu zuten Elosegi, eta izendapen horrek polemika handia piztu zuen, adierazpen homofobo asko egin izan dituelako.
Horrela bada, Espainiako Alderdi Sozialistako europarlamentariek ekimen bat abiatu dute, Elosegiri atzera egin dezala exijituz eta, hala egin ezean, haren izendapena baliogabetzeko prozedura abiarazteko eskatuz.
Europako Kontseiluko eta Giza Eskubideen Auzitegiko presidenteei bidalitako gutuna Ezker Unitarioak, ALDE talde liberalak eta Berdeek babestu dute.
Elosegik egindako adierazpen diskriminatzaileak larriak eta onartezinak direla azpimarratu dute.