Politika -

Hauteskundeak azaroaren 28an

Hauteskunde-kanpaina erabakigarria hasi da Katalunian

Irabazletzat jotzen duten inkestak baieztatzea espero du CiUk. Hiruko Gobernua berriz osatzea baztertu du PSCk, eta ezta itunik adostea ere.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako alderdiek hauteskunde-kanpainako makineria martxan jarri dute gauerdian. Hiruko Gobernuaren zazpi urteko epearen ostean, ziklo politiko berri baten buru izateko borroka egingo dute Kataluniako sei alderdiek.

Inkesten arabera, CiU faborito nagusia da. Bartzelonako Catalunya plaza aukeratu du alderdi horrek hauteskunde-kanpainako lehen ekitaldia egiteko. Irabazletzat jotzen duen joera baieztatzea espero du CiUk.

PSC galtzaile nagusia izango dela diote inkestek. Bartzelonako Pavello Italia de la Firan hasi dute sozialistek hauteskude-kanpaina. Hiruko Gobernua berriz osatzea baztertu du Montillak. PPrekin edo CiUrekin itunik sinatzea ere baztertu dute sozialistek.

Kataluniako hauteskunde-kanpainan presentzia handia izango du Zapaterok, baina Mariano Rajoy PPko buruzagia ez da atzean geratuko. Rajoyk Alicia Sanchez-Camacho hautagaia babestu du gaur Bartzelonako Illa Pabiloian.

Bestalde, ERCk Reuseko Pavello Olimpicen hasi du hauteskunde-kanpaina. Joan Puigcercos Kataluniako Parlamentuko presidenteak, Ernest Benach zerrendako bigarrenak eta Sergi de los Rios Tarragonako zerrenda-buruak hartu dute hitza hasierako ekitaldian.

Hiruko Gobernua errepikatzearen aldeko apustua egin du Joan Herrera ICVko hautagaiak, nahiz eta Jose Montillak eta Joan Puigcercosek publikoki baztertu. Herrerak Joan Saura kontseilaria ordezkatu du hautagai gisa. Hiruko Gobernuaren lana defendatzen duen bakarra da. ICVk Lleidan egin du hasierako ekitaldia, 2006ko hauteskundeetan, bertan lortutako eserlekua mantentzeko helburuarekin.

Azkenik, Ciutadans alderdiak toki sinbolikoa aukeratu du hauteskunde-kanpaina hasteko: Palau de la Musicaren fatxada modernistaren aurrean. Katalanismoaren sinbolo horren aurrean, kanpaina hasi du Albert Riveraren alderdiak, ''Erantzuki egin'' lelopean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea