Politika -

Gatazka

Manifestazio jendetsua Madrilen, sahararrei elkartasuna adierazteko

Istilu batzuk izan dira manifestazioaren hasieran. Protestak PPren, IUren, UPyDren, UGTren, CCOOren eta zenbait euskal ordezkariren babesa izan du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka lagun bildu dira Sahararekiko Elkartasun Elkarteen Estatuko Koordinadorak deituta manifestazioan, Madrilen. Istilu batzuk izan dira manifestazioaren hasieran, Marokoko banderak erre dituzte, baina PPk, IUk, UPyDk, UGTk, CCOOk eta zenbait euskal ordezkarik parte hartu dute.

Manifestazioaren buruan antolakuntza arazo batzuk izan dira, bultzadak eta Marokoren kontrako oihuak ere entzun dira, baina azkenean hasi da protesta-ekitaldia.

Azkenean, "Marruecos. Fuera del Sáhara 35 años despues" (Maroko. Alde Saharatik 35 urte igaro ondoren) lelopean hasi da manifestazioa. Bertan egon dira Esteban Gonzalez Pons PPren Antolakuntza idazkariordea, Cayo Lara IUren koordinadore nagusia, Rosa Diez UPyDren presidentea, Candido Mendez eta Ignacio fernandez Toxo UGTren eta CCOOren idazkari nagusiak hurrenez hurren, Pilar eta Javier Bardem eta Rosa Maria Sarda, besteak beste.

Aipatu manifestazioan egon direla, era berean, Odon Elorza Donostiako alkatea eta Mikel Basabe Aralarren legebiltzarkidea beste batzuen artean.

Cayo Larak gogor deitoratu du Gobernuak Marokoren "sarraskia" gaitzetsi ez izana. Rosa Diezek giza eskubideen eta nazioarteko legediaren garrantzia azpimarratu du, izan ere, "ezin da etsi, helburua zilegia" delako.

Javier Bardemek eta Rosa Maria Sardak irakurri dute manifestua

Manifestazioan "Marruecos culpable, España responsable" (Maroko errudun, Espainia arduradun), "Sahara libre ya" (Sahara libre berehala) eta "donde estan los derechos humanos" (non daude giza eskubideak) bezalako oihuak entzun dira.

Manifestazioa hasi eta bi ordura iritsi dira Puerta del Solera. Bertan Javier Bardem eta Rosa Maria Sarda aktoreek manifestua irakurri dute Gobernuari jarrera irmoa eta garbia agertu eta Marokori arma gehiago ez saltzeko eskatuz.

Horrez gain, Bardemek Marokon dauden espainiarrak babesteko eskatu die Exekutiboko arduradunei. NBE eta Europar Batasunarentzat ere hitz batzuk izan ditu aktore madrildarrak. Horiei "berehalako eskuhartzea" eskatu die Saharako herriaren kontrako "masakrea" behin betiko amaitzeko. Horretarako ezinbestekoa ikusten du "nazioarteko legedia bete eta autodeterminazio erreferenduma egitea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea