Politika -
Nafarroan
Ezker abertzaleak hauteskunde akordioa proposatu die EAri eta Aralarri
"Hauteskundeetako subjektu horrek" Gernikako akordioa izango luke oinarri, Foru Erkidegoan "aldaketa politikoa eta soziala" gauzatzea helburu.
Erredakzioa
Ezker abertzaleko kideek hauteskundeetarako ituna proposatu diete Eusko Elkartasunari eta Aralarri Nafarroan "aldaketa politikoa eta soziala" gauzatzeko helburuarekin. Aipatu bi alderdiek oraindik ez dute eskaintzaren inguruko iritzirik eman nahi izan.
Santi Kiroga legebiltzarkide ohiak eta Marine Pueyo Iruñeko ANVren zinegotziak irakurritako adierazpenean, proposamena ezkertiarrak eta abertzaleak diren agente politiko, sozial eta herritar guztiei luzatu diete eskua.
Era berean, Txelui Moreno ezker abertzalearen bozeramailea eta Adolfo Araiz Batasunaren legebiltzarkide ohia ere izan dira "Alternatiba Nafarroa XXI" proposamenaren aurkezpenean.
Adierazpenean azaldu dutenez, "hauteskundeetako subjektu" berri horrek Gernikako "bake eta irtenbide demokratikoen" akordioa izango luke oinarri, izan ere, Batasunaren, EAren eta Aralarren babesa jaso zuen.
Horren harira, ezker abertzaleko kideek azaldu dute datozen foru hauteskundeak "proiektu politiko guztiak babestu eta gauzatu ahal izateko testuingurua lortzeko lehenengo pauso bilaka" daitezkeela.