Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Erkoreka: 'NaBaiko akordioa ondo lotuta dago'
Nolanahi ere, parlamentario jeltzaleak esan du EAk eta Aralarrek erantzun beharko diotela Nafarroan koalizioan joateko ezker abertzaleak egindako proposamenari.
Erredakzioa
Josu Erkoreka EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak ziurtatu du Aralarrek eta EAk erantzun beharko diotela Nafarroako hauteskundeetara koalizioan joateko ezker abertzaleak egindako proposamenari. Dena dela, bere hitzetan, "gauzak ondo lotuta daude" proposamen horrek "ibilitakoa" ez desegiteko.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, parlamentario jeltzaleak esan du ezker abertzalearen proposamenak ez duela urduritasunik sortu EAJ barruan, "mundu guztiak jakin baitzekien ezker abertzale tradizionalak tankera horretako proposamena egingo zuela".
"Nolanahi ere, erantzuna ez daukagu guk. Proposamena jaso dutenek, EAk eta Aralarrek, erantzun beharko dute", gaineratu du.
Krisia Arabako Aldundian
Bestalde, Erkorekak Arabako Aldundian piztutako krisia ere izan du hizpide (baliteke EA Gobernutik ateratzea), eta hori "gidoi" bati jarraiki gertatzen ari dela adierazi du.
Izan ere, bere ustez, "oso argi" dago EAk Foru Gobernua utzi nahi duela, poliki-poliki, "erakundeetako interesei kalte egin barik, baina ezker abertzakearekin duen ibilbidea zalantzan utzi gabe".
Parlamentario jeltzalearen hitzetan, Aurrekontuak "aitzakia" baino ez da izan EArentzat, hori egiten hasteko.