Politika -
Athletic-Spartak partida
Alonsok neurriak eskatu ditu 'biolentoak San Mamesetik kanporatzeko'
Bilbon izandako istiluetan "Herri Nortekoek erantzunkizunen bat dutela frogatuz gero, San Mamesetik atera beharko dituzte", adierazi du Euskadiko PPko presidenteak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Alfonso Alonso Euskadiko PPko presidenteak larunbat honetan defendatu duenez, "indarkeria onartezina da futbolean, eta indarra erabiltzen dutenak San Mamesetik kanporatuak izan behar dira". Hori dela eta, "argi eta garbi" neurriak har ditzaten espero du, "inori inolako mesederik egin gabe".
Bilbon izandako istiluetan "Herri Nortekoek erantzunkizunen bat dutela frogatuz gero, San Mamesetik atera beharko dituzte", adierazi du Alonsok. Horrela "mezua argi eta garbi jasoko dute, futbola ez dela indarkeria, eta ezin dutela Euskadiko eta Athleticeko ospe ona zapuztu", gaineratu du.
Alonsoren iritziz, jazotakoa sakonki ikertu behar da, "akatsak non izan diren jakiteko". Euskadiko Alderdi Popularreko buruak ertzainaren heriotza deitoratu du, eta azpimarratu du "biolentoak kanporatu behar" dituztela. "Onartezina da joan den eguneko irudi tamalgarria berriro errepikatzea", amaitu du.