Politika -
Presoen argazkiak
Urtebeteko espetxe-zigorra ezarri diote Gernikako ANVko zinegotzi bati
Jesus Maria Alberdi Arrizabalagari zazpi urteko inhabilitazioa ezarri dio Auzitegi Nazionalak. Gernikako 2009ko festen egitarauan ETAko bederatzi presoren argazkiak barneratu zituen zinegotziak.
Erredakzioa
Urtebeteko espetxe-zigorra eta zazpi urteko inhabilitazioa ezarri dizkio Jesus Maria Alberdi Arrizabalaga Gernikako (Bizkaia) ANVko zinegotziari Auzitegi Nazionalak. Herriko jaien egitarauan ETAko bederatzi presoren argazkiak txertatu zituen zinegotziak 2009an. Francisco Javier Etayo Larrainzar fotomuntaiaren egileari zigor berdina ezarri dio Auzitegiak.
Biek terrorismoa goraipatu zutela uste du Auzitegi Nazionalak, horregatik bakoitzari urtebeteko kartzela-zigorra ezarri die. Era berean, epe berdinean ez dute hauteskundeetan botoa emateko eskubiderik izango, eta zazpi urteko inhabilitazioa ezarri eta epaiketaren kostuak ordaintzera zigortu dituzte. Erabakiaren aurka Auzitegi Gorenaren aurrean errekurtsoa aurkezteko bost eguneko epea dute akusatuek.
18 hilabeteko espetxe-zigorra, hamar urteko inhabilitazioa eta bost urtez Gernikan bizitzeko debekua eskatu zuen fiskalak.
Epaiaren arabera, 2009ko Gernikako jaien egitarauan presoen argazkiak jartzea erabaki zuten Etayok eta Alberdik, "ETAko erakundean egindako ekintza terroristengatik zigortuak". "Beraiek gabe ezin gara ezer izan" testua idatzi zuten argazkien azpian, eta "horrek presoak goraipatzea, eskertzea eta goratzea zuen helburu".