Politika -

Greba feminista

EAJk ez du martxoaren 8ko grebarekin bat egingo eta elkarretaratzeak deitu ditu

Alderdiko kargudun guztiei, emakume zein gizonei, 15 minutuko bilkuretan parte hartzeko deia egin die. Greba egin nahi duten afiliatuen borondatea 'errespetatzen' duela nabarmendu du.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk ez du martxoaren 8ko greba babestuko. Egun horretan, 15 minutuko elkarretaratzeak deitu ditu Bilbon, Gasteizen eta Donostian, eta Iruñean, Parlamentuko Mahaiak deitutako bost minutuko bilkurarekin bat egingo du. Elkarretaratze horietara alderdiko kargudun guztiak, emakume zein gizon, daude deituta.

Martxoaren 8ko mobilizazioa mugimendu feministak deitu du, eta PP ez beste alderdiek eta euskal sindikatuek babestu dute.

EAJren Euzkadi Buru Batzarrak (EBB) bere astelehenetako bileran erabaki zuen martxoaren 8ko deialdiarekin bat ez egitea, baina gainerako alderdi eta mugimenduek antolatu dituzten ekintzei "begirune osoa" azalduta. Era berean, alderdiko afiliatuek M-8ko deialdiaren aurrean hartutako ezein erabaki errespetatuko dutela azpimarratu du.

Jeltzaleen ustez, martxoaren 8ko aldarrikapenak sustatzeko "modurik eraginkorrena" kargudunak euren "eginkizun eta arduretan jarraitzea". 15 minutuko elkarretaratze horietan gizarteari egin nahi diote deia, eta bereziki gizonei, berdintasuna lortzeko erronkari atzerapen gehiagorik gabe ekiteko.

EBBren aburuz, benetako berdintasuna lortzea "emakume eta gizon guztioi dagokigun ataza da" eta, beraz, gizonak eta emakumeak deitu dituzte bilkuretara.

Nafarroan, EAJk bat egingo du Nafarroako Parlamentuak Ganbera aurrean bost minutuz egingo duen elkarretaratzearekin.

Jeltzaleek bere egin dituzte mugimendu feministak aldarrikatzen dituzten helburuak. Euren esanetan, "esparru guztietan emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasun eraginkorra" lortu behar da, bereziki, lan merkatuan. "Emakumeek gizonek baino prekarietate handiagoa pairatzen dute eta gizonak saritzen eta emakumeak zamatzen dituen arrakala dago".

EAJk indarkeria matxista desagerraraztea eta emakumeek esparru pribatuan ematen duten zaintza aitortzea ere aipatu ditu helburu moduan.

Martxoaren 8ko elkarretaratzeez gain, biharamunerako, hilaren 9rako, ate irekien jardunaldia antolatu du Sabin Etxean, "emakumeek arteari eta kulturari egin dioten ekarpen eskerga ikusgarri egitea xede".

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Indarkeria matxista Nafarroa gaur Grebak EAE Gizartea bideoak Eguneko albisteak Feminismoa